Uraren gainean ibiltzeko intsektuek duten sekretua
Matematikari talde batek intsektuek ur gainean azkar eta bere hankak mugitu gabe higitzeko erabiltzen duten sistema aurkitu du. Lakuetan eta putzuetan bizi diren izaki txikiei ezin zaie izaki handientzat erabiltzen diren hainbat zientzia-arau aplikatu.
Intsektuek uraren gainean nabigatzeko erabiltzen dituzten estrategiak aztertu dituzte azken lau urteotan, Massachusetts-eko Teknologi Institutuko (MIT) John Bush irakasleak eta David Hu ikasleak. Horretarako, intsektuen abiadura handiko bideoak grabatu eta irudiak digitalizatu eta aztertu zituzten.
2003an Brian Chan ikerlariarekin batera intsektu batzuk uretan nola higitzen diren ezagutzera eman zuten. Orain ura, lurra, zuhaitzak edo edozein gorputz topatzean sortzen diren olatu-aldapetan intsektuek nola egiten duten gora ezagutzera eman dute Bushek eta Huk.
Olatu-aldapak uste baino leku gehiagotan topa ditzakegu, hala nola, urontzi batean dagoen urak urontziaren hormak ukitzean aldapatxoa sortzen da eta oso txikiak diren izakientzat aldapa horiek igotzea guretzat mendiak igotzearen antzeko lana da.
Baldintza hauetan intsektuen propultsiorako sistema arruntek ez dute balio. Nola, bada, higitu? Intsektuek jarrera bereziak hartzen dituzte eta horiei esker gorantz higitzea lortzen dute: segundoko bere gorputzaren luzera baino 30 aldiz aurrera eginez. Kontutan hartu lasterketa olinpiko batean lasterkariak segundoko bere gorputzaren luzera baino bost aldiz aurrera ere ez duela egiten.
Huk eta Bushek uretako intsektuen bi espezie topatu zituzten non atzeko hankekin ura "heltzeko" gai diren eta horrela gailurrera ailega daitezkeen. Intsektuak ura zanpatu egiten du eta ur gainean zulotxoak sortzen dira, baina uraren gaineko geruzaren tentsioa gai da intsektuaren pisuari eusteko. Mugimendu horretan sortzen diren perturbazioek xurgatze-indarrak sortzen dituzte eta hauek eragiten diete gorantz intsektuei. Nolabait esateko xanpainaren burbuilak azaleratzen diren bezalako prozesua gertatzen da.
Krokodilo harrigarria
Science aldizkarian berriki azaldutako berriaren arabera, Argentinan aurkitutako narrasti fosildu bat krokodiloen familiako har badaiteke ere, dinosauru haragijaleengandik hurbil samar omen dago. Aurkitu diren garai bereko beste krokodilo batzuk itsastarrak ziren eta moluskuak eta arrain txikiak jaten zituzten.
Topatutako krokodilo hau ere itsastarra zen erabat, baina bere burua eta ahoaren itxuragatik garbi dago harrapakin handiak hartzeko gai zela.
Aurkikuntza honek krokodiloen eboluzioari buruzko kezkak sortu ditu eta hainbat zientzialari ikertzen hasi da Itsaso Barean sorturiko animalia honen zergatia, zeren eta agian gauzak ez ziren uste bezala gertatu.