argia.eus
INPRIMATU
"Hegaztien gripetik" honatago
Juan Mari Arregi 2021eko uztailaren 19a
Azken asteotan, jendartea "hegaztien gripe" sonatuaren kontuak jasaten ari da, baita Euskal Herrian ere. Aitzitik, oraindik ezin jakin liteke kontu horiek gripea zabaltzeko benetako arriskuarekin bat datozen ala industria farmazeutikoko multinazional batzuek bideratutako interes ezkutuak ote dauden horren guztiaren azpian. Egia bada behintzat industria farmazeutikoa egundoko negozioa egiten ari dela. Informazioaren -edo hobeki esanda, deformazioaren- multinazionalek ongi manipulatu dute errealitatea, nazioartea serioski larritzen duten beste hainbat arazo ezkutatuz -Irakeko inbasioa, txirotasuna, hiesa, analfabetismoa, inmigrazioa, eta abar-. Euskal Herriaren kasuan, egungo "hegaztien gripeak" bizirik irauteko egunero borrokatzen diren nekazari eta abeltzain euskaldunen gripe sakon eta iraunkorra gordetzen du.

Hegaztien gripeak Euskal Herrian kokatzeko aukerarik izango balu, euskal abeltzain eta nekazariek ere haren ondorioak jasango lituzkete -berez, dagoeneko jasaten ari dira, ustezko larrialdiak arrautza eta hegaztien kontsumoa gutxitu baitu-. Kasu horretara helduta, aldiz, kalte erantsia baino ez litzateke izango, egun lehen sektore euskalduna egoera latzean bizi baita. Agonia hutsean, esan daiteke. Eta hortik ateratzeko ezinbestekoa da eragile sozial eta politiko guztien laguntza; bestela esanda, instituzio eta administrazioen ahalegin berezia. Hain zuzen, EHNE sindikatuaren eskutik, abeltzain eta nekazariek mobilizazioak egin dituzte euskal hiriburuetan, eta traktore eta ganaduarekin atera dira kalera instituzio eta jendartearen arreta pizteko asmoz.

Bizirik iraun nahi dute. Lanari esker bizi nahi dute, nahiz eta eragozpen ugari aurkitzen duten ingurumenarekin askoz ere errespetagarriagoak diren ogibideak dituzten familia eta pertsonengan. Hiltegien pribatizazioa eta itxiera, lehortea, prezioen jaitsiera, gasolioaren kostua, diru-laguntzen bitarteko bazterkeria eta kontzentrazioaren aldeko apustua: nahikoa arrazoi bada sektore osoa mobilizatzeko. Hortaz, normala da administrazioei eskariak egitea, besteak beste: sektorearen enplegua sustatzea, produkzio propioa, prezio duinak eta lurrari lotutako nekazaritza. EHNEko ordezkariek azken mobilizazioetan adierazi duten bezala, "gizartearen zerbitzura egongo den nekazaritza behar dugu, ez ordea banaketa eta eraldaketaren industriaren interesen araberakoa, izan euskalduna zein atzerritarra. Administrazioek ezin jarrai dezakete euren erantzukizuna ukatzen...". Hori lortzeko, berriz, administrazioek uko egin beharko liekete euren politika kapitalista eta agroindustrialei -egun neoliberal deritzenei, alegia-. Uste dut ez daudela horretarako prest!

Egia esan, ustezko hegaztien gripea, iristen baldin bada, pasakorra izan daiteke. Euskal abeltzaintza eta nekazaritzaren gripea, ordea, ez da pasakorra eta sektorearen heriotza ekar lezake. Bestela, gogora dezagun, datu ofizialen arabera, azken 28 urteetan 75.900 lanpostu deuseztatu direla Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan. 2003. urtean baino ez, azken datu ofizial eskuragarriei jarraiki, lurralde horietan 5.800 lanpostu galdu ziren. Ipar Euskal Herriko egoerari buruz ez dugu datu ofizialik, sektorearen errealitatea deskribatutakoa bezain gordina den arren: 1955etik 2000ra bitartean nekazaritza-ustiategien erdia galdu da; 1955ean 11.353 baziren, 2000. urtean 5.939 dira. Errealitate latz hori ezin estali lezakete informazioaren eta industria farmazeutikoko multinazionalen interesek. Administrazioek ere ezin eman diezaiokete bizkarra arazoari.

Aurrekontuak, Ā«izaera sozialĀ» eta guzti? 2006. urterako Hego Euskal Herriko gobernuen aurrekontuen negoziazioa laster hasiko da. EAEko Gobernuaren kasuan, Idoia Zenarruzabeitia lehendakariordeak gastuen proposamenek duten izaera soziala azpimarratu du. Edonola ere, oraindik ikusteke dago zertan datzan gastuen izaera soziala Ibarretxe eta Zenarruzabeitiatarrentzat. Aski "soziala" izango litzateke, esate baterako, 18 urtetik aurrera jaso litekeen lanbide arteko gutxieneko soldata errenta basikoarekin parekatzea, baita hainbestekoak ez diren pentsioak berdintzeko osagarri sozialak onartzea ere. Lortzekotan, Legebiltzarreko talde ezkertiarren -PSE-EE, EB eta EHAK- ardura izango da hori. Ezin ahantz genezake EAEko 400.000 biztanle, hau da, biztanleriaren %20 pobreziaren mugan bizi dela eta beste 11.000 pertsona dagoeneko pobrezia gorrian bizi direla. Eta Nafarroako pobreziaren egoera, hobea izanagatik, proportzionalki erreparatuta larria da ere bai. Zein da horren gaizki bizi diren horien profila? Seme-alaben arduraz bakarrik bizi diren emakumeak eta etorkinak.