Durango badator
Lan eta lan dabiltza kulturgintzako kideak egunotan Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokarako lanak prestatzen. Aurten abenduaren 7an hasi eta 11n amaituko da urteroko hitzordu berezia. Aurtengoa berrogeigarren urtea du, baita berau antolatzen duen Durangoko Gerediaga elkarteak ere. Argizaiola saria Gotzon Garate idazle elgoibartarrari emango diote, hark egindako lan mardula eskertzeko. Azoka iritsi zain dagoenak www.durangokoazoka.com webguneari bisita egitea dauka edo bertan jarri duten Olmako tximiniatik blogean sartzea.
Arteak elkarrizketan San Telmon
Ordóñez-Falcón argazkilaritza fundazioak eta San Telmo museoak San Telmorekin elkarrizketan erakusketa zikloa abiatu dute. Zazpi hilabetetan zazpi erakusketa osatuko dituzte museoko elizaren absidean. Hilabete bakoitzean museoaren funtsetatik hautatutako obra bat eta Ordóñez-Falcón Bildumako argazki bat alderatuko dituzte eta hil bakoitzean arte kritiko batek hitzaldia emango du bi obren arteko loturaz. Erakusketa ziklo honen bidez San Telmo museoak eskulturan, pinturan, etnografian eta zeramikan duen aberastasuna erakutsi nahi dute. Une honetan Antonio Ortiz Echagüeren Desnudo de espaldas (1920-1921) eta Paul Kooiker-en Shownground (2003) daude erakusgai. Datozen hilabeteetan, margolanez gain, argizaiolak eta bitxiak alderatuko dituzte argazkiekin. Kritikoei dagokienez, Jan Manuel Bonet eta Francisco Jarautak hartuko dute parte, esaterako.
Antonio Zavalak Gipuzkoako Foru Aldundiari eman dio bere bilduma
berrogeita hamabi urtez herri literatura arakatu du Antonio Zavalak. Auspoa bildumaren sortzaileak artxibo erraldoia du: bertsopaperak, eskuizkribuak, grabazioak, liburuak, egunkari zatiak... Hori guztia Gipuzkoako Foru Aldundiari emango dio. Aldundiak Koldo Mitxelena kulturunean gordeko du eta digitalizatu egingo du. Bestalde, Auspoa argitaletxean oraino argitaratutako guztiaren eta hemendik aurrera argitaratuko diren dokumentu guztien kopiak emango dizkie Deustuko Unibertsitateari eta Euskaltzaindiari. Herriarengandik jasotakoa herriaren esku utziko du, hala, Antonio Zavalak.
Diseinuaren bilakaera 20 urtean
Diseinua ez da estetika hutsa. Horixe diote hogei urte bete berri dituen Diseinu Zentruko (DZ) arduradunek. Eta hori frogatzeko erakusketa zabaldu dute Bilbon, Bizkaiko Foru Artxiboaren erakusketa aretoan. Eguneroko objektuak jarri dituzte erakusgai: argazki kamerak, bihurkinak, presio-eltzeak, bizikleta kaskoak, autoak... Duela hogei urtekoak eta gaur egungoak, diseinuak izandako bilakaeraren erakusgarri. DZko arduradunen esanetan, diseinua ez da produkzioaren amaieran itxura zehatz bat emateko azken urratsa, produkzio prozesu guztian presente izan behar du eta diseinua modu integralean erabili behar dela sartu behar zaie buruan enpresei. Azaroaren 30a arte bisitatu daiteke..
Internetetik musika jaisteagatik kondenatua
Azkaindar batek 750 euro ordaindu beharko ditu, Kazaa p2p truke saretik musika jaisteagatik eta jaitsitako horiek beste batzuentzako eskuragarri jarri izanagatik. Internetetik jaitsitako musika hori besteek eskuratu dezaketelako jaso du kondena, ez beretzat jaiste hutsagatik. Akusatuak esan zuen berak ez zekiela programaren bitartez besteek berak hartutako materiala har zezaketenik.
Azkoitiko Mataderoa arriskuan
Kultur mugimendu handiko gunea da Azkoitiko hiltegi zaharrean dagoen gunea. Musika talde ugarik entseatzen dute bertan, kontzertuak eskaintzen dituzte, hainbat artista plastikoren elkargune da... Azkoitiko Udalak eraikina botatzeko asmoa du eta bertan zubi bat eraikitzekoa. Hala, bi aukera eskaini dizkio Matadero Ekintzak kultur elkarteari: Aizpurutxo auzoko geltoki zaharra edota herrian eraikiko duten Elkargunea udal kulturgunea. Mataderoko kideek geltokia erdigunetik urrun dagoela eta aparkalekurik ez dagoela argudiatu dute eta Elkargunean Udalaren kontrolpean izango liratekeela.