Amaitu da 13 urteko jarduna eta Elkarri birmoldatu ondoren Eragin etorriko da, martxo aldera, Elkarrik jakinarazi duenez. Bere helburu garrantzitsuenak betetzat jo ditu gizarte mugimenduak, eta botila erdi hutsa edo erdi betea ikustearena norberaren menpe badago ere, egia da gatazka elkarrizketaren bidez konpontzearena nahiko sustraitua dagoela euskal politikan. Eta Elkarriren jardueran, zerbait azpimarragarria izan bada horixe izan da, arazoak konpontzeko elkarrizketa eta zubigintzaren balioa aldarrikatzea. Gainbeheraren arriskua izan zezakeen Elkarrik; egiturei eta herrietako lan taldeei eustea ez da txantxetako lana gizartean eragin nahi bada eta eragile desberdinek aintzat hartzea nahi izanez gero. Eraldatzeko une egokia topatu bide du eta beste izaera, helburu eta antolaketa batek, beste era batera eragiteko aukera eman diezaioke, apalago seguruenik, baina errealitatera egokituago ere bai. Gatazken konponbiderako ingeniaritzan metatutako esperientziak lan sozialera baino lan teknikora bidera dezake Eragin?