argia.eus
INPRIMATU
Bihotzekoen kopuruak gora egin du
Jabier Agirre 2005eko azaroaren 20a

Mundu osoan urtero gertatzen diren heriotza guztien %40 arrazoi kardiobaskularren eraginez izaten dira, Ipar Amerikan egindako ikerketek diotenez. Eta hori kezkatzeko modukoa baldin bada, are beldurgarriagoa da erasandako pertsonen artean 100dik 8 ospitalera iritsi baino lehen hiltzen direla jakitea.
Euskal Herrian -eta proportzioak antzekoak dira Espainia eta Frantzian ere-, bihotzekoen eragina urtean gertatzen diren heriotzen %38 inguruan gelditzen da, dieta mediterraneoaren babesari esker. Europar Batasunean %42ra igotzen da zifra hori, eta Europako gainerako herrialdeetan %48raino iristen da. Espainian bihotzekoen portzentajea 700 biztanletik 1 zen duela 10 urte; gaur egun, ordea, jaitsi egin da (500etik 1ekoa da).
Eta sexuen arteko desberdintasunetara joz, emakumeak dira estatistiketan lekurik txarrena hartzen dutenak, jendeak bestela uste duen arren. 50 urte artean, hormona femeninoek babestu egiten dituztenez, bihotzeko gaitzak (kardiopatiak) usuagoak dira gizonezkoetan emakumeetan baino. Baina behin menopausia iristen denean, arrazoi kardiobaskularrek eragindako heriotzen portzentajea handiagoa da emakumeetan (%48), gizonezkoetan baino (%38).
Gaixotasun kardiakoak dira, beraz, heriotzen lehen arrazoia adin horretako emakumeetan. Gipuzkoan, esate baterako, 1.400 pertsona inguruk izaten dute infartua urtean, eta zifra hori 65.000 pertsonakoa da Espainiako Estatuan. Erasandako hamar pertsonatik hiru hil egingo dira -eta horietako bi ospitalera iritsi aurretik-. Horregatik da hain garrantzitsua arazo koronarioak izan dituztenak, bereziki, baina baita populazio orokorra ere, kontzientziatzea, miokardioko infartuari aurrea hartu ahal izateko. Eta zer egin? Jan-neurri orekatua, bizimodu osasungarria eta ariketa fisikoa egin neurriz, baina egunero. Horiexek dira prebentzio-lanaren ardatz nagusiak, batez beste bizitza 10 urte laburtzea ekarri ohi duen bihotzeko madarikatuari aurre egin eta lasai bizitzeko.