argia.eus
INPRIMATU
Hitz bitan
2021eko uztailaren 19a

Aitor Mazoren hitzok jaso zituen Garak: «Katalunian, behintzat, politikariak artistekin argazkian agertzen dira; hemen hori ere ez. Azpiegitura kontua da. Konpromisoa eskatu behar zaie diru laguntzen gainetik, hau ez baita diru kontua».

Xabier Solanok honakoa adierazi zion Xirikari: «Iruditzen zait trikitixaren doinuak, nahiz eta edozein musikarekin elkar daitekeen, beti izango duela jai girora gerturatzeko joera. Umorea falta da hemengo musika taldeen artean, alaitasun apur bat. Hemen rocka egiten da nagusiki eta gainera nahiko serioa».

Ramon Labaienek Irutxuloko Hitzan izkiriatuak: «Nire alkate garaian (...) ez genuen pentsatu ere egin Madrilekoei zentimorik eskatzea, Euskal Herriko antzoki nagusiak zaintzeko ardura Euskal Herriko erakundeen ardura zela iruditzen baitzitzaigun (...). Gaur egun, urtebete baino gehiago daramate Victoria Eugeniako lanek gelditurik, Madrileko eskupeko baten zain. Diputazioaren eta Jaurlaritzaren iturriak agortu al dira? Edo Euskal Herriaren zentzua galdu ote dugu?».

Xabier Etxaniz Erle Garan: «Txikiak izateak baditu desabantailak: ekonomikoak, batez ere, jendea ezin da honetaz bizi edo askoz gehiago kostatzen zaio, salmentak txikiagoak dira... Baina baditu abantailak ere: ezagunak gara, gutxiago kostatzen zaigu genero edo estilo batetik bestera aldatzea».