Gupidagabeak


2005eko azaroaren 13an
Erasoan datoz gure agintariak, beren azpiegitura planak karpetetan. Hemengo aldean Lasserrek eta Agerrek Orthez-Iruñea 2x2 bandako errepidea egitera tematuak dira, eta Iparla mendian hamaikagarren pista egin nahi du Etxebarrenek.

Horko aldean ere lau haragiak dabilzkigu ikara, goi karguak antolamendu politikaz mintzo direnean. Uztailaren 31ko ARGIAn pozik ageri da Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Gipuzkoa martxan delako, dirua eta proiektuak badirelako, eta anbizio handikoak: Arrasateko eta Urumeako autobideak, A-8aren zabaltzea eta Pasaiako superportua. Ezinbestekoa hau, beste probintziek (Bilboko portuak, urrean) ez dizkiotelako gipuzkoarrei babak eltzetik aterako. Gutxi gara eta probintzialistak: ez ikusmolde orokorrik, ez osagarritasunik, ez elkartasunik.

Errege-bideko garraio basa kritikatzen dutenei ahaldun nagusiak erantzuten die ez dituela inoiz astoaren gainean ikusten, eta bai autoan eta bakarka: haren iritziz, eredu neokomunistaren bultzatzaileek dute eredu neoliberala gehien praktikatzen. Beraz, aurrera kamioiak eta besteak isilik.

Gure habitataren etorkizuna jende bakoitzaren kontzientziaren gainean uztea zer da, inozo ala makiavelikoa? Adituak izan gabe denak ohartzen gara nork bere interes txikiak begiratzen dituenean interes orokorrak izaten direla kaltetuak. Agintarien eginbidea da ororen onura bilatzea, eta horren erantzule dira, beren esku baitute herritarren jarduerak baldintzatzea, prestatzen dituzten alternatiben eta araudien bitartez, zergak hor ezarriz eta handik kenduz.

Itxura, ez dute funtsezko berritasunik nahi. Txabarrik dio indarrean den eredua aldatu baino areago (Inch-allah), eredu horri erantzuna eman behar zaiola. Presio fiskalaren bidez zaborren -enbalageen- gutxitzeko poza ez digute emango.

Nuria Lopez de Gereñu Garraio sailburuari agorrilaren 16ko Berrian galdetu diote ez ote litzatekeen komeni garraioaren murriztea. Ba, ez. Industriak merkantziak arin mugitzea eskatzen du eta horixe da gaur egungo erronka: garapenak du lehentasuna, iraunkortasuna bigarren mailakoa da -lehena hautatzeak suntsiketara eramango ez bagintu bezala-. Eta berriz ere errua jendeari bota, gain-gainetik ongizatea nahi dugula eta horretarako garapen mailari eutsi behar zaiola. Eguberriz gereziak jatea eta antipodetatik ekarri arrosak eskura izatea, hori al da ongizatea? Egunero 12.000 kamioi pasatzen ikusten duen autopistan ibiltzeak ekarriko digu garapen pertsonala?

AHTa da denetarako erremedioa. Jaurlaritza hogei urte eta gehiago agintean eta, Baionatik Bilbora zer trenbide petrala! AHTaren proiektu handios eta energia irenslearen menturan egon gabe, bazeukaten Eusko Trena doi bat zuzentzea eta nolabait Europako sarearekin lotura erraztea. Hori ezinezkoa dela esango digute, teknikarien txostenak gure aurpegiaren aurrean astinduz. Ezagutzen dugu leloa, mila aldiz entzun baitugu ingeniari nuklearrak bakarrik haizu direla atomoaren arriskuaz mintzatzera. Ba, zaila da sinestea eginak diren trenbideak hobetzea AHT berria egitea baino zailagoa dela.

Irailaren 30eko Berrian, Katrinaren efektua edo, Esther Larrañaga Ingurumenaren sailburuak iragarri du, garraioen erruz Kyotoko ituna betetzetik gero eta urrunago garenez, joera zuzentzeko plan bat egin gogo duela Lakuak. Bai, baina, alderantzizko zentzuan doaz Bartzelonako goi bileraren osteko jardukitzeak.

Beste irtenbiderik ez balitz bezala, zapal-makinak, honda-makinak eta suntsi-makinak aktibatzen dituzte, gupida gabe eta soraio pasatzen dira edozeren eta edozeinen gainean, dirua mugitzen eta negozioak ondo ibiltzen direno denok irabazle garela predikatzen diguten bitartean. Ez da dudarik, baten batzuk irabazle baino gehiago ere, aberats egiten dira.

« Gure habitataren etorkizuna jende
bakoitzaren kontzientziaren gainean
uztea zer da, inozo ala makiavelikoa?
Adituak izan gabe denak ohartzen
gara nork bere interes txikiak
begiratzen dituenean interes orokorrak
izaten direla kaltetuak. Agintarien
eginbidea da ororen onura bilatzea,
eta horren erantzule dira, beren esku
baitute herritarren jarduerak
baldintzatzea, prestatzen dituzten
alternatiben eta araudien bitartez,
zergak hor ezarriz eta handik kenduz »


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude