argia.eus
INPRIMATU
Zer da: Tubos Reunidos
Daniel Udalaitz 2005eko azaroaren 06a

Oraingo Tubos Reunidos enpresak Amurrion dauzka egoitza soziala eta laneko zentroak eta jatorriz, 1892an eratu zen eta bulego zentrala Deustuko Elorrietan zeukan Bilboko Tubos Forjados enpresa historikoaren ondorengoa da. Tubos Forjadosek, hasiera hartan, burdinazko eta altzairu gozozko tutuak produzitzen zituen. 1966an, Tubos del Nervión eratu zen, egoitza soziala Amurrion zuela, eta han ipini zuten soldadura gabeko tutuak egiteko fabrika. Tubos Reunidos enpresa, legez, 1968an eratu zen eta Tubos Forjados eta Galindoko BWko tutuak egiteko planta bildu zituen. Gerora, Tubos Forjados desegin egin zen enpresa gisa, eta karterako sozietate bihurtu zen. 1982. urtean, Tubos del Nervión eta Tubos Reunidos fusionatu ziren, eta Tubos Reunidos, S.A. enpresa sortu zen. Bere hartan dirau gaur egun, hainbat sozietatetako talde baten buruzagi dela. 2004. urtean, 12 milioi eurotik gorako irabaziak izan zituen, eta aurtengo ekitaldian 20 milioi euroko marra gainditzeko asmotan dabil. Produkzioaren parte handi bat kanpoan saltzen du.