Edozelako boterek beti izan du zuria beltza agertzeko trebezia handia eta Lluis Maria Xirinacsen espetxeratzean beste behin errepikatu da historia. ETAren eta HBren laguna zela esan zuen 2002an Bartzelonan egindako ekitaldi batean eta horregatik epaitu eta bi urteko espetxe zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak. Zigor hori betetzeko espetxeratu dute orain. Urte haietako giro bortitzean Espainian erasotzat har zitezkeen hitzok, eta hemen ere ulergaitz samarrak izateaz gain, inor gutxi ausartuko zen halakorik modu publikoan esatera. Zer falta da esaldi hori ulertzeko? Mundu honetan gertatzen den edozer ulertzeko funtsezkoa dena, testuingurua. Honakoak izan ziren bere hitzak: «Gandhi-k zioenez, ezbiolentoa ezin zitekeen neutrala izan gatazka baten bi aldeekin: erasotzailea da etsaia, erasotua laguna, berau biolentoa bada ere. Nire bizitza osoan saiatu naiz ezbiolentziaren bidean borrokatzen. Baina zera adieraziko dut, eta ozen gainera, polizia edo fiskal bururen bat balego ere: Estatu espainiarraren etsaia naiz eta ETA eta Batasunaren laguna». Zigor Kodearen arabera, 70 urtetik gorako pertsonak baldintzapeko askatasunean utzi behar dira eta Xirinacsek 74 ditu. Pentsatzekoa da laster aterako dela baldintzapeko askatasunean, baina Auzitegi Nazionalak argi utzi nahi izan du bere jarrera. Arnaldo Otegiren kasuan bezala, Auzitegi Goreneko fiskalak 15 hilabeteko espetxe zigor eskaerarekin »lehen EAEko Auzitegi Gorenak libre utzi zuen» argi utzi dio bere egoera zein den.