argia.eus
INPRIMATU
Orain da garaia
Joxemari Ostolaza 2005eko azaroaren 06a
Paseko usoz eta birigarroz kongeladoreak betetzeko. Ez naiz ni ehiztaria. Haurretan, bagenuen osaba bat ehiztari amorratua zena. Eskopetatan ere aditua izaki, eta hiru bat batera, elkarren ezberdinak behintzat izango zituen. Haiek garbitzen eta atontzen ematen zituen orduak. Gogoan dut orain ikusiko banu bezala, zer nolako delikadezaz tratatzen zituen armak eta haien piezak, zapi zurien gainean jarriak sukaldeko mahaia okupatzen zutenak. Eta nola oratzen zituen zurak eta burdinak, eskuz eta masailez. Kartutxoak garestiegiak zituenez, haien truke beheko eskopeta saltokiko jabeari nornahiren arma konponduko zion. Ez zuen inoiz munizio faltarik. Txakurrak ere halakoak. Seterrak maite zituen. Pintta ama zen nik gehien maite nuena. Txuri-beltza, belarri handi erorikoak. Mendian, omen esanekoa eta nekaezina. Gelditzen zenean, zerbait altxatuko zuen. Hala esaten zidan osabak behintzat. Umeak ere, gehienak halakoxekoak egiten zituen hark, ehiztarien artean estimu handikoak. Plumonia garaiak. Heldu den astean birigarro afaria dugu. Koadrilako bik abisatu dute ez datozela hanka. Hegaztien balizko gripeak egin du jada berea gurean. Behiak bere onera etorri direnez, horientzat sukalkia prestatu beharko diegu propio.