Fiskaltzak bere garaian argi utzi zuen ez dagoela Juan Maria Atutxa, Kontxi Bilbao eta Gorka Knörren aurka epaiketarik egiteko arrazoirik, balizko desobedientzia delitu hura ez dagoela frogatzerik. Orain ere badaki hori epaiketako fiskalak, baina bestelako itxura erakusten ari da, seguruenik fiskaltzaren irudia babesteko. Garai bateko borroka politiko baten ondorio da epaiketa, beste garai politiko bati lotutako ebazpena beharko lukeena. Zaila da une honetan zigorraren aukera irudikatzea, nahiko zigor sinbolikoa da Parlamentu baten Mahaiaren gehiengoa ordezkatzen dutenak akusatuen aulkian jarraraztea. Desobedientzia delitua dago mahaiaren gainean, baina lehia, nagusiki sinbolikoa da: bere garaian, Eusko Legebiltzarrak irabazi zion irudiaren borroka Espainiako Auzitegi Gorenari, Sozialista Abertzaleen taldea desegin gabe geratu zelako; orain, ordea, bi botere nagusiren arteko lehiari halako zigor erantzuna emanda, emaitza bestelakoa da: Espainiako judikaturak argi utzi du nor dagoen noren gainetik..