Nerea Mujika Gerediagako lehendakariaren hitzok jaso zituen El Correok: «Ez dakigu egiten duguna saltzen, marketing asko falta zaigu. Oso latza da 40 urte beranduago oraindik ere azoka antolatzen duen elkarte bezala ezagutzen gaituztela ikustea. Kudeaketarekin zerikusia duen guztia ere hobetu behar dugu, horregatik kontratatu dugu duela gutxi gerente bat».
Berri Txarrak taldekoak Deiari esanak, Jaio. Musika. Hil diskoa plazaratu berritan: «Gure diskoa badago Interneten, badago emule-n, baina horrek bere alde onak ere baditu. Mexikon ezagutzen gintuzten ia abesti guztiak Interneten jaisteagatik. Tristea da Euskal Herriko taberna batean gure diskoa jarri eta ohartzea diskoa grabatuta dagoela (...) Diskoetxekoek esan digute diskoaren salmenta jaitsi dela, eta hori errealitate bat da».
Xabier Silveira Nabarran: «Besteenaz bilduz osatzen dituzte askok bertsoak. Gaur egun holako bertsolari mogollón dago. Bere ideiak errimatu beharrean, errima baten aitzakian bueltaka aritzen direnetakoak. Baina denborak jarriko du bertsolaria bere lekuan. Ez bertsolari bakoitza, baizik eta bertsolaria bera. Denborak erakutsiko digu bertsolariak zer izan behar duen, eta izango gara berriz bertsolari».