Euskal Telebista, gainerako telebista autonomikoak bezala, ez dago Autorregulazio Kodean, baina Irrati-telebista Erakunde Autonomikoen Federazioa FORTAren ildoari jarraiki, onuragarritzat du era horretako neurria hartu izana, helarazi digun oharrean dioenez: "Izan ere, orain arte zenbait operadorek -telebista komertzialek- egin duten programazioaren zati batek -telezaborra bezala ezagutzen denak- telebista eskaintza osoa kutsatu du. Zenbait operadoreren jarreraren eraginez telebistak sinesgarritasuna galdu du". ETBren ustez, telebista pribatuek, eta bereziki Telecincok -Aquí hay tomate, Gran hermano eta A tu lado saioak aipatu dituzte bidali diguten oharrean-, "haurrentzako ezegokiak diren edukiak ematen dihardute, bai gaiei dagokienez -garrantzi gabeko kontuak azpimarratuz-, bai eta tratamenduari dagokionez ere -pertsonen intimitateari dagozkion azaleko gaiak zehaztasunik gabe landuz-. Jarraipen Batzorde Mistoak ez du egoera hori bideratzea lortu". Ildo beretik, ETBk zalantzak agertu ditu aipatutako telebista kateek etorkizunean izango duten jarreraz: "Telebista pribatuek Burtsan jokatzen dute, eta irabaziak lortzea beste helbururik ez duten akziodun anonimoen interesei erantzun nahi diete. Honenbestez, ez diote ‘autorregulazioa’ri jaramonik egingo, neurri horrek audientzietan eraginik izango ez badu".