Etxeraten azken ostiraleko bilkuran edo beste batzuetan ELA eta LABeko ordezkariak elkarren ondoan ikus badaitezke ere, bi sindikatu abertzaleen arteko harremana hotza dela esatea ez da errealitatea bortxatzea; akaso errealagoa litzateke oso hotza edo izoztua dela esatea. German Kortabarriak hala adierazi zuen berriki ARGIAren 2012. zenbakian bi sindikatuen egoeraz: «Eta nola daude gure egunoroko harremanak? Oso gaizki». Haserre diren lagunen irudia zabaltzen dute. Lehiak bultzatuta seguruenik, bezero berdintsuaren inguruan aritzeak dakarren lehia. Sindikatu izateak ez ditu merkatuaren legetik at uzten. Bata eta bestearen diskurtsoetan antzeko eduki asko irakur daitezke. Eguneroko jarreretan, aldiz, gero eta urrutiago dirudite, eta elkarren arteko harremana berotzen hasten ez badira, «estrategia bera eraman beharko luketen bi sindikatuak» (Jose Elorrieta, Donibane Garazi, urriak 18) gero eta urrunago izango dira elkarrengandik. Komunikazio eskasa dago bien artean eta, bizitzako gainerako esparruetan gertatzen den bezala, komunikazio ezak harremana usteltzen du. Une politikoaren irakurketa, negoziazio kolektiboa eta sektoriala, konpromiso falta... Nahi dena, baina zaila da ulertzen nazio eraikuntza eduki sozialez bete behar dela diotenak, horren une garrantzitsuan dauden egoeran izatea.