argia.eus
INPRIMATU
Xabier Arzalluz Txomin Iturberen heriotzari buruz (Bero-beroan)
2005eko urriaren 30
Oraindik Izaronews agerkari elektronikoan duela gutxi eskainitako elkarrizketa guztiz hoztu ez denean, Xabier Arzalluzek Galiziako A nosa terra astekarian jaurtitakoak ez dira txantxetakoak. Zabala eta luzea da elkarrizketa eta zati batean, ETAko buruzagi historiko Txomin Iturberen heriotzari buruz aritu da. Euskal Herrian bizi den negoziazio giroari erreferentzia eginez, negoziazio saioetan norbaitek beti sartzen duela eskua dio EBBko lehendakari ohiak. Testuinguru horretan jotzen du Aljerreko negoziazio saioraino, eta hura dela eta eraman zutela Txomin Iturbe Aljeriara. Han «hil egin zuten», dio gordinki, eta iradokitzen du inork ez duela sinesten orduan eman zen bertsioa, «arazoa da ea nork hil zuen». Ofizialki, Txomin Iturbe auto istripuz hil zen Aljerian eta hori ez da zalantzan jarri izan, nahiz eta heriotzaren unean, 1987an, Espainiako komunikabide batzuek entrenamendu militar batean hil zela zabaldu zuten. Galiziako kazetarekin egindako elkarrizketan, Arzalluzek berriz adierazten du ez duela konfiantzarik PSOEk negoziazioaren aurrean duen borondatearekin, bere ustez PSOEren helburua, Katalunian eta Galizian egin duen bezala, kosta ahala kosta Eusko Jaurlaritzan sartzea baita. Asko entzun da Izaronews-eko elkarrizketa ez zela izan Sabin Etxean egun nagusi direnen batere gustuko. Arzalluzek dio bera bizitza politikotik erretiratua dagoela, baina bizitza politikoaren analisia egiteko guztiz osasuntsu ikusten duela bere burua.