argia.eus
INPRIMATU
Sendakaitza
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Da nonbait, edozein dela ere Moncloako biztanlea, izurrite zenbait. Akaba ezina eta katalogatuta dauden horien artean nazkagarriena tortura dut. Argitaratu zuen egunean, Amaia Urizarrenak atera ninduen nire onetik. Denboraren oroitzatik zehar atzerantz eraman eta hogeita hamabost urteko bidaia egitera behartu zuen nire burua. Arantxa Arruti zarauztarrarekin egin zuen topo, berak jasandakoak eremu mugatuagoan soilki ezagunak egin baziren ere. Beste garaiak omen, orain gaindituak ei dauzkagunak. Aho bete espantu demokratiko ditugun hauetan, ez dago kristaurik, amaren seme-alabarik honekin bukatuko duenik. Hemen ez da tortura etenik aipatzen bizi publikoa demokratizatzeko garaian, funtzionario publikoek egiten dituzten desmasiek boteredunen onarpena izaten darraiten garaiotan. Arbasoengandik jaso genuen Estatuarekiko izua eta errespetu eza, gure eskarmentuz gure baitan bizi duguna. Eta ezinbestean ondorengoei pasako genien, beren ibilbidean gainditzeko baino areagotzeko motibo gehiago pilatzen ari zaizkielarik. Inpunitatearen zakarrontzira bota dituzte Amaia eta Mattin Bilbao herri auzokoaren tortura salaketak. Eta behin eta berriz, politiko profesionalek ahoan uso zuria, bakerako deiak egingo dizkigute.