Azken 5 urteotan Toledoko Paraplegikoen Ospitalean artatu dituzten orno-muineko lesioen %5 ardurarik gabeko murgiltze-saioen ondorioz gertatu ziren, igerilekuan, ibaian, itsasoan edo baita urtegi edo zingiretan ere. Ospitale horretan artatzen dituzte arrazoi hori dela medio Espainiako estatuan zauritu direnak. Hotz-hotzean kaleratutako datu horrekin jendea ohartarazi nahi da, uretara jauzi egiterakoan zenbait neurri har ditzan.
Osasun-zentro horretako Errehabilitazio eta Barne Medikuntzako zerbitzuek plazaratutako ikerketak dioenez, horrelako lesioak jasaten dituenaren profila pertsona gaztearena da: murgilketaren ondorioz orno muineko lesioak dituztenen %80-90en adina 15-25 urte bitartekoa da. Pertsona horiek lokadura edo haustura izaten dute lepoko ornoen mailan, eta horrek lesioa oso larria izatea dakar: tetraplegia, lau gorputz-adarretako paralisia, alegia.
Beren burua uretara botatzerakoan gerta daitezkeen arriskuez ez jabetzea da istripu horien jatorria, profesionalen esanetan.
Zentzua erabiliz jokatu beharra dago. Horixe da profesionalen gomendio nagusia, lesio larri horiei aurrea hartu nahi badiegu: ongi ezagutzen ez den parajean, ausarkeria latza da buruz behera botatzea. Urak uherrak edo zikin samarrak baldin badaude ere, hobe da aldez aurretik leku hori ikuskatzea, sakonera zer-nolakoa den jakiteko, eta arriskutsuak gerta daitezkeen harkaitz, zuhaitz edo bestelako objekturik ez dagoela ziurtatzeko. Bestalde, leku naturaletan (ibai, laku edo urtegietan) uraren maila aldatu egin daiteke egun batetik bestera, mareen eraginez edota urtegiko uhateak ireki egin dituztelako: horregatik, beti komeni da jauzi egin aurretik uraren sakonera egiaztatzea.
Murgiltzerakoan, bainulariak besoak aurrerantz luzatuta dituela egin behar du jauzi, lepoa eta burua babesteko. Istripuren bat gertatuz gero, garrantzi handikoa da lepoa berehala inmobilizatzea, bizkarrezurraren mugimenduak saihestea eta osasun-profesionalen bati abisatzea, honek gaixoa leku egokira eraman ahal izateko.