argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2007ko otsailaren 21

Dinosauruen hegaldi eta igeriketak

Microraptor gui deituriko dinosauruak hegan egiten zuen eta bere itxura eta Wright anaiek erabilitako abioiarena berdintsuak ziren, Joe Templin ingeniari aeronautikoak dioenez.

Dinosauru hau Txinan aurkitu zuten eta lumak ditu atzeko zein aurreko hanken inguruan. Horrela, hegan egiteko eta lurreratzeko aukera zuen.

Geologiako Elkarte Amerikarrak beste aurkikuntza batzuen berri ere eman du, Salt Lake City-n egiten ari den bileran: Wyomingen igeri egiteko gai zen bihankako baten arrastoak topatu omen dituzte. Ostruken neurrikoa den dinosauru hau barne-itsaso batean bizi izan zen orain 165 milioi urte. Beraz, ibiltzea, hegan egitea eta igeri egitea ez dira gaurko jarduerak.


Hubble ilargiaren bila

Hubble teleskopioaren bidez unibertsoaren sorrerari buruzko datuak biltzen ari dira aspaldidanik. Azken aldi honetan Hubblek ilargira jo du, batez ere oxigenoz aberatsak diren mineralak topatzeko.

HSTren (Hubble Space Telescope) ikusmena izpi ultramoreen alorrean gertatzen da eta horri esker ilargiko zati ezkutuen gorabeherak askoz hobeto ezagutzeko aukera izan da; horrela hainbat mineral topatu da, beraietatik oxigenoa ateratzeko aukera izan dezaketenak. Lan hauek NASAko plangintzetan Goddard Space Flight Center-eko James Garvin-ek burutu ditu eta Ilargian gizakia bizi ahal izateko egoitza antolatzearekin zerikusia du.

Hubblek Apollo 15 eta 17ak lurrartutako lekuak aztertu ditu eta bertan ilmenita, hots titanio eta burdinazko oxidoa, topatu da. Ondoren Hubble-ek Aristarque deituriko zonaldea arakatu du, bertan jarduera bolkaniko handia baitago eta han ere ilmenita ugari topatu du.

Beraz, gizakiak ilargian beharko lukeen oxigenoa lortzeko bideetako bat aurkituta dago jada.


Hegaztien gripeari buruz bi hitz

Lasai egon! Esaten digute, baina ondoren gobernuak txertaketa masiboak prestatzen ari dira. Ez dugu inon informazio argigarria topatu eta ez dugu topatuko, gure iritzian. Gaitzarekin batera interes ekonomikoak nahastu dira eta bakoitzak nahi duena kontatzen du eta kontatzen segituko du.

Gure partetik aholku bat: gutxi kontsumitu arrautzak eta hegaztiak eta ahal dela ingurukoak baino ez kontsumitu. Urte-bukaera baino lehen informazio sakonagoa ematea espero dugu.