Kristina Mardaras: «Sei emakumezkoren saioa arraro egiten ez denean izango dugu normalizazioa»

Amorebieta-Etxanoko Oromiño auzoan jaioa zara, baina Iurretakoa. Batekoa zara, ala bestekoa?
Gure baserria elizaz, administrazio-zerbitzuz (eskola, osasuna eta beste), Iurretakoa da. Baina, herriz, Amorebieta-Etxanokoa. Botazioak direnean, edo zergak ordaindu behar ditugunean, Zornotzara goaz gu. Jaiotza-agiriari dagokionez, berriz, Durangokoa naiz. Hangoa egin ninduten aitak zuzendutako paperek. Unibertsalago egiten zaitu horrek, nolabait. Dena dela, bihotzez, Iurretakoa naiz ni.

Zein duzue baserria?
"Santuenekoak" esaten digute. Agiri zaharren arabera "Zugazabekobarri". Tira, horrela itzuli dugu guk. Berez, casería nueva de Zugazabekoa dio eta, guk, Zugazabekobarri ezarri dugu. Beste izen bat ere badugu, ordea. Han inguruan hiru baserri dira eta, gerra denboran, katea ipini ei zuten Zornotzatik Iurretara pasatzen zirenei zerga kobratzeko. Hortik, "Katea" izenarekin geratu dira hiru baserri horiek. Bestela, "Santuenekoak".

Bertsoa etxetik datorkizuna badakit. Aita bertsozalea, osaba trikitilaria...
Osaba-izekoak ziren trikitilari. Disko bat ere egin zuten, nahiz eta familiak merkatutik erretiratu haiek hil zirenean. Dena dela, ale bat daukagu oraindik, erakusteko. Serafin eta Antoni Arantzeta ziren. Herriz herri ibiltzen ziren, erromeria eta festetan. Izekok kantatu eta panderoa jotzen zuen. Osabak, soinua jo. Osaba ezagutu ere egin nuen, eta ondo zahartuta ere trikitia jotzen zuen hark.

Hortik, beraz, zaletasuna...
Aitaren aldetik oso alai eta kantu zale izan gara beti. Gure aita bere anaiekin biltzen zenean beti izango zen kantua edo zer edo zer. Horko Goiko mendian... Boga-boga... Herri kantu ezagunak kantatzen zituzten, orain dela bost bat urte arte. Orain zahartuta daude, laurogeitaka urte dituzte, eta moteldu egin dira.

Mendian ala munduan, kalean da Zugazabekobarri?
Behean, ibarrean, erreka inguruan. Oiz menditik datorren Oromiño errekatik hurre. Ez da erreka handia ere. Durangoko paper-fabrikaren parean elkartzen da Ibaizabalekin.

Zuek eskolara joatea erraztuko zuen horrek, beharbada. Ala baserriko lanak zuen lehentasuna?
Guk, txikitan, eskola unitarioa geneukan auzoan, 14 urte artekoa. Oso eskola polita, humano eta naturala. Horra joaten ginen auzoko gehienok. Baserri handia zutenak gutxiago joango ziren, etxean behar handiago eta!, eta baserria txikia zutenak, ostera, gehiago, gu bezala. Gero, oso gutxik, batxilerra egiten zuten, eta karrera. Oromiñon gutxik egin zuen karrera. Gaur egun ere oso gutxi dira han karreradunak. Nire sasoian lauzpabost besterik ez ziren karrera egin zutenak, esku bateko atzamarrekin kontatzeko moduan!

Eskola polita, humanoa, naturala... baina, jakin dudanez, gaztelaniaz, eta zuek euskaldun huts zineten...
Bai. Orduko kontuak. Sasoiko eskola guztiak erdaraz ziren. Gure irakaslea, andrezkoa, nirekin urte gehien egin zituena, gasteiztarra zen. Auzoan bertan egin zuen senarra, euskalduna, abertzalea, bertsozale amorratua (idatzi ere egiten zituen bertsoak). Eta andre hark euskaldunak maite zituen. Erdaraz ikasten genuen, baina eskolatik irten orduko, euskara huts-hutsean zen gure mundua. Maistra hark sekula ez zigun zigorrik eman euskaraz ari ginelako, edo hitz txarrik egin euskararen edo euskaldunen kontra. Erdaraz ondo egitea beharrezko zela esaten zigun, eta ikastera animatzen gintuen. Baina zigorrik ez behin ere.

Artean neska koskor zinela, Bilbora joaten zinen, halako sariketa batera...
9 urte nituela koadjutore berria etorri zen gure herrira, Juanito Gallastegi, abadeari laguntzen. Juanito, Jose Antonio Retolaza -Kili-Kili aldizkaria sortu zuena, abade zen orduan-, aita Martxel Andrinua pasiotarra... Kultur mugimendu batean sartuta ari ziren. Horien bitartez ikasi genuen gure herriaren berri eta euskaldun ginelako kontzientzia jaso genuen... Katekesian, bertsoak ikasten genituen buruz, kantuak ere bai, antzerki-lanak egiten genituen, irtenaldiak... Auzoko umeen arteko lotura estutu egin zen horrela.

Euskaltzaindiak antolatutako lehiaketara eramaten zintuzten Bilbora...
Euskaltzaindiak antolatzen zuen Bizkaiko Aurrezki Kutxaren laguntzaz. 8-9 urtetik 14 urtera bitarteko neska-mutilentzat zela uste dut. Urtero-urtero joaten ginen gu hara. Test bati erantzun behar izaten genion, bertsoren bat kantatu, galderak erantzun... Juanito Gallastegik selekzioa egiten zuen auzoan eta urtero joan izan nintzen ni. Inportantea izan zen niretzat, euskal munduan integratzeko balio zigulako, eta euskal mundua gure auzoa baino handiago zela konturatzeko ere bai. Ume asko biltzen ginen Euskaltzaindiak Erribera kalean zeukan areto handi hartan, Bizkaiko ume mordoa. Sariak ere izaten ziren: zure aurrezki-libretan ehun edo berrehun pezeta sartuko zituzten eta, horrekin batera, diploma ematen ziguten. Sari banaketa Coliseo Albia antzokian, Arriagan edo horrelako lekuren batean izaten zen. Atera kontuak!, auzo txiki bateko neska koskorra, kolpean horrelako leku handi batean! Horrek asko markatu ninduen.

Han ezagutu omen zenuen Jon Enbeita ere, galtza motzetan...
Bai han eta bai auzoan ere. Oromiñora bere aitarekin etorri zela uste dut, bertsotan. Oso txikia zen. Jon nire sasoi ingurukoa da, eta garai hartan, hamar bat urte zituela, hura galtza motzetan! Bilboko lehiaketa hartara ere joaten zen eta ordutik gerora, bertsotan ikusten nuenean, Bilboko zeremonia harekin lotzen nuen. Han zen Alfontso Irigoien ere. Aita Martxel Andrinua, epaimahaiko izaten zen...

14 urte bitartean oinarrizko ikasketak egin zenituen eta, gehiago ikasten segitu nahi izan zenuenean, laguntasunik ez zenuen izan etxetik...
Ikasketa oinarrizko haiek bukatu eta ez nintzen joan batxilerra egitera. Gurasoek esan zidaten ezin nuela ikasten jarraitu, atzetik beste bi mutil nituela eta ezin zirela gastuetaz arduratu; ezin nuela ikasi. Josten edo bordetan ikastera bidali nahi izan ninduten, hori zen eta ohitura baserrietako alabentzat, baina niri asko gustatzen zitzaidan ikastea eta ekin eta ekin, ikasi nahi nuela eta ikasi nahi nuela, lortu nuen Durangon bertan ireki berria zen kolegio batean Komertzio ikastea. Bi urte eta erdi egin, kontabilitatea ikasi eta ikasketak bukatu orduko Durangoko paper-fabrikan hasi nintzen lanean, nire ikasketekin bat zetorren lekuan. Hiru bat urte lan egin nuen han. Hala ere, lanean egonagatik, ez nion gehiago ikasteari uzten. Ikastolak, adibidez, ikastaroak antolatzen hasi ziren, eta nik haietan parte hartzen nuen, beti gehiago ikasteko asmotan. Batxilerra ere egin nuen, hiru urtean, "libre" erara esaten zena, egunez lan egin eta gauez ikastera joanez eta, amaieran, azterketa eginez. Hori eta gero, libre segitzerik ez zegoenez, bertan aparkatu nituen ikasketa haiek, geroko bat arte.

Gurasoak konbentzitzea asko kostatu zitzaizun? Zuk ikasterik ez zenuela, atzetik bi mutil zetozela... Zuk ez zenuen etsi...
Nik asko sufritu nuen, negar asko egin nuen. Kontziente nintzen nirekin injustizia bat, neurri batean behintzat, egiten ari zirela. Auzoan bazen beste neska bat nik lan egin nuen enpresa berean lan egin zuena, baina hura ikasia zen. Beste bat ere bazen, medikuntza ikasten ari zena. Mutil bat ere bai, ikasten. Haiek niretzako izarrak ziren!, ispiluak!, eta nik ere nahi nuen zerbait. Ez nuen baserrian geratu nahi, ezer ikasi gabe. Eta negar asko egin nuen, eta amari asko sakatu nion, ikasi nahi nuela esanez. Eta ekin eta ekin, ikasturtea hasita zegoen baina azaroan edo, hasi nintzen kolegio berri hartan. Nire lagunek ez zuten ikasi, beren etxeetan geratu ziren, karrerarik gabe.
...
Orain, distantziatik ikusi eta pentsatzen dut egia izango zela gure amak ez zuela dirurik niri ikasketak ordaintzeko. Onez egin zuela egin zuena, beste askok egin zuen moduan, baina garai hartan nik ez nuen hori onartu. Ikasi nahi nuen!

Eskerrak etsi ez zenuen...
Eskerrak! Gerora, amak kontatu izan du beti zerbait ikasten jardun dudala, beti ikasten. Lanean ari nintzela, ikastolak zabaldu ziren sasoia heldu zen, 60ko hamarkada, eta nahiko irakasle tituludun ez zutela eta niri etorri zitzaizkidan: orduko kultur mugimenduak dei egin zidan, ikastolara lanera joateko. Ez neukan irakasle titulurik, baina zenbait ikastaro nituen. Gazte denboran begirale ere ibilita nengoen, umeekin egoteko ohitura neukan. Batetik hori, eta bestetik , hainbat ikastaro eginda neukala..., ikastolara joan nintzen lanera. Otxandiora. Urtebete pasa eta lege arazoak izan nituen inspektorearekin, irakasle lizentziarik ez nuen eta. Gogoratzen naiz Loiolan nengoela jakin nuela berria. Loiolan ginen, matematika ikastaroan, Feli Etxeberriarekin, Pakita Arregirekin, Oñatibiarekin, Kataluniako Marta Matarekin..., eta han nengoela, inspektorearen abisua, Otxandion segitzerik ez nuela. Otxandiotik alde eta Basaurin egon nintzen, beste ikastola batean, sortu berria hura ere. Hiru urte egin nituen han baina, irakasle titulurik ez nuenez, beste baten tituluarekin edo ahal zen moduan konpontzen ginen. "Ahal zen moduan!" egiten genuen gauza asko orduan. Lan asko egiten genuen, eta etengabeko prestakuntzan ari ginen, ikastaroak eta ikastaroak egiten. Ez zen kalitate txarreko lana, ez horixe. Ikastolan jardun nuen lanean ezkontzeko plana egin nuen arte.

Eta ezkondu eta?
Orduan, ezkondu eta haurrak haztea erabaki nuen denbora batez. Bost urtean bi seme-alaba izan eta hazi nituen. Tarte horretan, hala ere, aukera eder bat sortu zitzaidan: ikastolen federazioek titulurik gabe lanean ari ginen andereñoen egoera legeztatzeko plana egin zuen UNEDekin. Uste dut ordurako martxan zegoela Euskal Kontseilu Nagusia, 1980 baino lehen. Eta hiru urtean Bergara joanez tituluaren jabe egin nintzen. Andereño mordoa bildu izan ginen han.

70eko hamarkada horretan, eta lehenago hasita, gau-eskolen mugimendua ere hasita zegoen Durangaldean...
Bai. Paper-fabrikan lanean ari nintzela eta ikastoletan hasi aurretik, baita gerora ere, alfabetatzeko taldea sortu genuen Durangaldean. Talde indartsu bat eratu genuen Elorrio, Durango, Berriz, Iurreta eta inguruko jendeak, eta herriz herriko alfabetatze taldeak sortu genituen. Iurretak berak lau bat alfabetatze-talde zituen; jende asko, militantzia ere handia zen orduan, eta helburua ere inportantea zen. Lan asko egin genuen sasoi hartan. Hamar bat urte edo ibiliko nintzen ni alfabetatze eskolak ematen. Tarteka, beste gauza asko egiten, eta herriarekin konprometituta. Nik hamar bat urte egin nituen alfabetatze eskolak ematen eta senarrak, berriz, hogeitaka egin zituen! Iurretako ikastolaren lokaletan egiten genituen ikastaroak.
Gauza asko egin genituen batera. Horrek baditu arriskuak. Asko eta ondo, zaila da. Gerora pentsatzen duzu: "Hau egin beharrean beste hura egin izan banu! Halakotan gehiago saiatu izan banintz, espezializatu edo...". Baina egindakoa eginda dago eta kito.

Azaldu da senarra ere. Justo Alberdi. Bertsolaria da bera ere... Nola ezagutu zenuen?
Hamabi bat urte nituenean edo, katekesian genbiltzala, Arrate Irratirako emanaldia egiten genuen. Abadeak zuen saioaren ardura, hark zuzentzen gintuen. Han ezagutu nuen Julene Azpeitia ere. Eta han ziren Jose Antonio Retolaza, Aita Zamalloa eta beste batzuk. Astelehenero egiten genuen programa. Eskualdeko programazioaren barruan sartzen zen gure saioa, eta astearteetan emititzen zela uste dut. Horrelako emisio batean ezagutu nuen Justo. Santa Ageda zen, eta mutil batzuk etorri ziren kantuan. Horien artean zegoen Justo. Gero, paper-fabrikan lanean ari nintzenean, bera ere han zegoen, eta harremana!

Justo Alberdi, zure senar eta bertsolari...
Bertsolaria da, bai. Ni baino freskoagoa, gainera. Suerte txarra izan du, emakume bertsolariarekin ezkondu zen eta. Emakume bakarra nintzenez bertsolarietan, niretzat izan ziren pribilegio guztiak eta bera bazterrean bezala gelditu zen, nahiz eta nik baino gatz handiago duen. Hizkuntzaren ezagutza handia ere badu... baina sentimendua falta. Bion artean elkar osatzen dugu. Elkarrekin geunden Durangaldeko bertso-eskolan, eta biok hartu genuen parte 86ko txapelketan. Saio asko ere elkarrekin egin genituen... Gauza asko egin ditugu elkarrekin Justok eta biok.

Behin ere pentsatuko zenuen Txapelketa Nagusian parte hartuko zuen lehenengo emakumea izango zinela?
Ez. Ez zen nire intentzioa ere. Egiten duzuna egiten duzu, egiten duzun momentuan. Inportantziarik eman gabe. Ordea, gertatzen da, gerora, beste batzuentzako erreferentzia gertatu zarela. Elkarrizketak eta argazkiak datozkizu. Kontua da hari berean segitu dudala lanean eta nire irudia bizirik dagoela. Nire bertsolari lana han utzi izan banu, beharbada inor ez zen nitaz gogoratuko. Baina horretan jarraitzen dudanez, oraindik ere esaten didate: "Zu izan zinen lehenengo emakumea...". Ni oso bertsozalea izan naiz beti, eta sortu beharra izan dut, beti: bertsoak, olerkiak, ipuinak... Durangoko ikastolak bertso-eskola sortzeko deia egin zuenean, guri ere kasu egin ziguten. Ikastolako irakasle baten bidez hasi ginen, Anjel Uxaola, Garaikoa, oso bertsolari fina! Hark bazuen gure zaletasunaren berri eta bertso-eskola egitera zihoazela eta harako denbora pittin bat ateratzeko esan zigun. Eta hasi ginen, Lopategiren laguntzaz. Joan Mari Areitio ere etortzen zen. Neska eta mutil sasoikoak bildu ginen.

Bertso-eskolatik txapelketara...
Gero, suertatu zen, nik 32 urte edo izango nituen, polemika sortu zela bertsolarien eta Euskaltzaindiaren artean, txapelketa zela eta. Puntuatzeko moduari buruzko desadostasunak, besteak beste. Eta bertsozale elkarte bat sortzeko asmoa piztu zen, eta hor sartu nintzen ni ere. Sorreran izan nintzen. Loiolan egin genituen bilera gehienak. Elkarteak babesa behar zuen, eta ordu arte sortu ziren, edo sortzen ari ziren bertso-eskolen artean, erabaki bat hartu zen. Guk, behintzat, Durangoko bertso-eskolan, erabakia hartu genuen: exkaxagoak edo hobeak izan, denok parte hartu behar genuela txapelketan. Horrela izan zen. Nik banekien Bertso Txapelketa Nagusian kantatzeko beste kalitaterik ez neukala, banuen horren kontzientzia, baina plazan kantatzen hasita geunden eta geure buruari esan genion: "Lehenengo fasera joango gara; badakigu bigarrenera ezetz". Ez zen beste asmorik izan.

86an, Txapelketa Nagusian. Hala ere, 82koa omen duzu zure lehenengo plaza, Santutxuko bertso-eskolak antolaturiko saio bat...
Uste dut Bilboko jaietan izan zela, San Anton plazan edo, Zazpi Kaleetan. Durangaldetik Kapela eta biok joan ginen. Mungialdetik beste bi, Santutxutik bertatik besteren batzuk... Eta han nintzen ni. Gai-jartzaile, Begoña, Santutxuko bertso-eskolako emakume bat. Gaiak eman eta kantatu egin behar! Niri asko kostatzen zitzaidan kontzentratzea. Orduan bai eta orain ere bai. Zer esan eta nola esan asko neuzkan baina ordenatu egin behar! Eta hitz gutxitan esan behar! Banago lehenengo plaza hartan eta hastea kostatzen zitzaidan... Halako batean, behetik, Iurretako jendea: "ala ba!, arre!", eta sekulako isiltasuna. Baina bertsoa bota nuen eta izugarrizko txalo zaparrada! Beti hartu izan dut txalo zaparrada, merezi gabe; eta apal-apal esaten dut, bertsoaren kalitatea, nire ustez, ez zelako hain ona izaten. Baina emakume bat eszenatoki gainean egoteak jendea liluratu egiten zuen. Ez ohikoa zen. Gaur egun ez da horrelakorik gertatzen, baina orain dela hogeitaka urte, bai. Hala izaten zen: izugarrizko isilunea lehenengo, ni neu konturatzeko moduko isilunea, eta gero, bertso normal bat kantatu igual, eta itzelezko txalo zaparrada.

Bihotz emango zizun horrek, animatuko zintuen, ala?
Bai... Gero, betikoa. Handik jaitsi eta sufrimendua: "Hau esan dot baina hau esan behar nuen", eta holakoak. Gaizki pasatzen duzu. Emakume bakarra nintzen bertsotan eta ispilu baten falta nuen. Hizkuntza mota guztia gizonezkoek egindakoa zen, eta bertsolaritzan dena ez da orijinaltasuna, kopia asko dago. Guztiak gizonezkoek egindako moduak ziren. Eta nahiz eta topiko haiek erabiltzeko eskubidea nik ere banuen, nik ez nuela hori egin behar pentsatzen nuen, ze gizonezkoen hizkuntza bera erabiltzeko beldurra neukan . Ni kontziente nintzen emakumea nintzela eta emakumezkotasuna markatu behar nuela. Oso molde maskulinoak ateratzen zitzaizkidan, eta ez nuen hori nahi. Zerbait banintzen, emakume nintzen.

Zuk esana da garai batean emakumea, bertsotan, amabirjina, ama, edo jostailua zela. Zuk ez zenuen horrekin bat egiten, bistan da...
Ezta pentsatu ere! Jakina kritikatu dudana. Bertsozaleak badaki hori egia dena, ez da nire hausnarketa bakarrik, gizonezkoek egindakoa ere bada. Garai batean hori zen emakumearen irudia, eta barregarria zen: gizonezkoek barre egiten zuten, eta emakumezkoek ere bai, barre bere buruaz! Lazkao Txikiren saio batzuk eta! Normala zen garai batean, emakumearen presentziak gauzak esateko modu horri mugak jarri zizkion arte. Are gehiago, esateko modu horiek muga ez ezik, erantzuna ere izan dute, ni tartean izan nintzenean behintzat. Gai batzuk ez ziren posible, emakumearen egoera aldatzen ari zelako, errebindikazioak ere baziren tartean, eta normalizazio bide bat zetorren, elkarren errespetuan. Ez dakit zer den normala ere, ze bertso mundua alaia da, dena ez da iluna. Gure artean bromak egiten ditugu, eta bertsotan ere behar da, zergatik ez? Ez dugu beti mindu beharrik, baina garai hartan larregizkoa zen. Emakumeak topiko horiek baino gehiago zela erakutsi behar zuen.

Mikrofonoa bertan behera utzi eta alde egiteko gogoa izan omen zenuen behin edo behin...
Beharbada Mungian... Izan ziren horrelako momentuak, bai. Gaia, eta zurekin parean zegoenak esandakoak kontuan hartu eta gogor egin zitzaidan bertsotan jardutea... Nahiz eta behin ere ez dudan mikrofonoa bertan behera utzi eta alde egin!

Errebindikazio gogoa ere bazegoen zure emanaldietan. Zu gazterik hasi zinen prakak janzten eta, kantatzera, ostera, gona jantzita joaten zinen...
Gaztetatik nintzen neska eta mutilen arteko ezberdintasunen jabe. Etxean ikusten nuen eta! Mutilek baimenak zituzten. Neskek, oharrak: "Kontuz ibili!", eta hau eta hura. Tratamendu ezberdina zen. Prakak jantzita etxetik irteteko ere aitzakia bilatu behar izan nuen ama konbentzitzeko. Prakak janztea ohitura bihurtu zenean, eszenatokira igo eta emakumearen presentzia markatzeko asmotan, gona janzten nuen, bai. Eszenatokia erabiltzen nuen; gonak janzten nituen emakumeago nintzela adierazteko. Gaien tratamenduan ere, edo agurrean, edo han edo hemen, beti erabiliko nuen tarteren bat emakume izateari buruz zer edo zer esateko. Hori konstante bat izan da nire bertsokeran. Eta gai jartzaile izan naizenean ere beti jarri izan dut emakumearen munduarekin lotura duen gairen bat. Egoera normalizatu behar zen, eta pausoak eman. Nik, nire esku zegoena egiten nuen.

Bide-urratzaile izan zara, aitzindari...
Orduan ez nintzen kontziente, baina banuen nahi bat nire barruan. Gainera, bazegoen uste bat bertsotan ezin zela ikasi esaten zuena.

Bertsolaria jaio egiten zela, ez zela ikasten...
Horixe, eta bertso-eskolakoak bestelakoa erakusten saiatu ginen. Hortik aparte, emakumea ere falta zen mundu hartan. Emakumeak gizarteratzeko pairatu dituen trabak handiak izan dira historian zehar, eta eremu bat zegoen irabazi beharrekoa: bertsolaritza. Nik uste nuen guk pausoa ematen bagenuen atzetik errazago etorriko zirela. Horretaz kontziente banintzen, bai, nolabait bada ere. Harrezkero ilusio handia egin dit batari edo besteari entzutea, esanez ni "hor" nengoela. Maialeni entzun diot behin edo behin. Ni ez nintzen kontziente Maialen batentzako ispilu izan nintekeela, edo beste batena. Beste alde batetik, zor diot esatea: nik hogeita hamar urteko, eta Arantzazu Loidi hamar bat urteko neskatila, Durangora ekarri genuen. Alfabetatze koordinakundeak antolatuta, institutuan kantatu zuten Almeneko eskolakoek. Eta Arantzazu Loidi, txikia, neskatoa, baina han zebilen. Bazetorren zer edo zer, beraz, ni izan edo ez izan...

Presiorik izan duzu behin ere, emakume bertsolari bakarra, edo bakarrenetakoa, zinelako?
Presioa, emakume mugimendu bat bazegoelako gizartean. Emakumearen gizarteratze hori nuen presioa, ez bertsolaritzaren barrukoa. Askotan deitzen zidaten emakume eguna zela eta kantatzera joateko, izan Iruñera, Hondarribira, Mungiara, Lekeitiora... han hiru-lau bertso kantatu eta eginda zegoen. Inguru hori baneukan, bai, eta nolabait, presioa sortzen zuen horrek.

"Emakume bat haurra sabelean duela kantatzen ikusi nahiko nuke", zure esana da hori ere...
Eta ikusi dut! Eta haurra izan eta hurrengo astean kantatzen ere bai. Oihane Perearen kasua da. Aurten bertan izan da. Abuztuaren azkenean izan du haurra eta handik hamabost egunera saioa egin zuen. Aurretik galdetu nion ea haurra izan eta gero saioa egingo ote zuen, eta baietz, ilusio handiz egingo zuela, eta egin zuen. Hori ere bete zait. Badakit batzuk ezkondu, haurra izan eta bertsoa utzi dutena. Pena ematen dit, baina errespetatzen dut. Bakoitzak erabakitzen du. Itziar Eizagirrek utzi egin duelako berri daukat, pena da, ze oso bertsolari ona da eta, nire ustez, baina gero ere izango du denbora atzera kantatzeko. Baina Oihane Perea haurra sabelean duela ikusi nuen eszenatokian kantatzen, eta gero, haurra izan ondoren ere bai, Izurtzako Santa Ageda auzoan. Oihane, Estitxu Eizagirre, Onintza Enbeita, Iraitxe Ibarra eta Xabi Paia ziren. Saioa antolatzeko eskatu zidaten Izurtzan, eta emakumezkoekin osatzeko saioa. Ilusio handia egin zidan, ze normalean ez dute horrelakorik eskatzen. Eta nola neska horiek Xabi Paiarekin egiten duten txapelketarako prestaketa, bada berari hots egin nion, eta bera pozik: lau neska eta mutil bat. Oso ederra izan zen: gai-jartzaileak zera agindu zien Oihaneri eta Estitxuri, hau da, bata ama izan berri, eta bestea izeba, zer eragin izan duen horrek bere bizimoduan. Eta izugarrizko bertso ederrak kantatu zituzten bien artean. Izeko izatearen libertateak eta ama izatearen ardurak... oso saio polita. Oihanek gauza guztien gainetik jarraitu nahi izateak ilusioz bete nau.

Emakumezko bertsolari bakarra 86ko Txapelketan. Orain hamar dira zerrendan...
Izugarri ederra da hori. Ez da nire eragina izan. Bertsozale Elkarteak lan handia egin du horretan. Ni neu ikaragarri lagundu eta babestu nau. Nik aspaldi utzi nuen plazako bertsoa, urtero hartzen dut parte Iurretako txapelketan, baina familia artekoa da ia-ia. Bertso jarriak ere egiten ditugu. Utzi nuenetik, euri asko egin du, eta hainbat neska gazte ari da hor bertsotan. Eta ez hain gazte ere, ze hogeita hamar bueltan dabiltzanak... Hasi nintzenean sasoi hori neukan nik. Neska asko ari dira. Gehiago ez dira ikusten, lekurik ez dagoelako! Baina atzean ere badira bertsolari onak; ezagutzen ditut. Hamar sartu dira, eta ondo dago, baina lau urte barru hamar gehiago ikusi nahiko nituzke. Lehen, neskak hasi eta utzi egiten zuten. Orain, lasai eta gustura hartu dute, eta gero eta gehiagok irauten dute bertsotan, normal, eta traumarik gabe. Hori da ederra. Normalizazioa noizko? Santa Ageda auzoan egin genuen erako saioak batere kritikarik edo komentariorik gabe egiten direnean. Sei gizonezko egoten diren moduan, sei emakumezkok kantatzea arraro egiten ez denean, orduantxe izango dugu normalizazioa. "Paisaia" hori -sei emakume bertsotan-, arraro egiten zaigu oraindik.

Bizkaia, Anboto eta Durangoko Irratiekin ari zara Txapelketaren gaineko kolaborazioak egiten...
Saio denetara joateko asmoa daukat. Horixe da nire bizioa, nire droga. Asko disfrutatzen dut, ze berritasun, ze ekarpen egiten duten aztertzen... Andoni Egañarekin, adibidez, beti nago itxaropentsu, berritasunaren zain. "Ea ba, ea ba!", eta halako batean, "Hemen dago perla!". Beti ikusi diot profesionaltasun hori. Baita beste batzuei ere, baina Andoniri bereziki. Aurreko batean oso maila onena ikusi nuen Amaia Agirre, eta ilusionatuta nago.

Zein duzu pronostikoa?
Andoni. Bera mugitzen deneko bertso-moldea txapelketakoa da. Nik ez dut Andoni ikusi saio batera joaten prestatu gabe, edo berrikuntzarik edo halako gauza berezi bat eskaini gabe. Horrek esan nahi du bertso saio guztiak direla berarentzat inportante. Halako ardura bat izanda, zaila da txapela Andoniri kentzea. Nahiko nuke Maialenek irabaztea, pozik ospatuko nuke, baina Andonirena ere ospatuko dut.

Senarraren fabore
«Beti esan dut Justori baino aukera gehiago eman dizkidatela niri, emakumezko bertsolaria bultzatzeagatik. Berak aukera gutxiago izan du: bere modukoak asko zeuden; nire modukoak ez, eta hor gelditu da, bazterturik. Inoiz esaten du 'Ni ere hor nago, e!', eta egia da, eta esaten saiatzen naiz. Niretzat laguntza handia izan da. Esaten da gizonezko bertsolari handi baten atzean emakume handi bat dagoela, eta esan beharra daukat emakume bertsolari honen atzean gizonezko handi bat dagoela. Eskubidezkoa da hori esatea».

BERTSOA
Doinua: Lagundurikan Danoi

Ondokoen eskerrak
ondokoen aintzak
ibiltzera ausartu
nahi duenarentzat
bere helmuga jarri
behar du bakoitzak
eta beronen bila
dihoanak behintzat
bide bat zabaltzen du
datorrenarentzat

Kristinarekin ez
Bi bertsolarik uko egin omen zioten Kristinarekin kantatzeari, feminista omen zelako. "Horren berria heldu zitzaidan niri. Harrezkero kantatu dugu, antolatzaileek horrela eratu dutelako saioa. Eta nik zer esan horren gainean?! Bertsozale Elkarteko lehendakariak esana da emakumeak aberastasuna ekarri diola bertsolaritzari. Kontua da, ordea, aberastasun guztiek kostua dutela. Eta garai hartan, aberastasun horrek traba egiten zuen, gizonaren esateko moduak mugatzen zituelako. Emakumearen presentziak berak mugatzen zuen hitz egiteko modua. Nahi duzuna nahi duzun bezala esatera ohituta jendeak barre egiten du eta, halako batean, freskura hari barre egiten ez dion norbait daukazu ondoan!".

Emakumezkoa txapeldun
Kristina Mardarasek orain hogei urtetsu esana: Euskal Herriko txapelketa emakumezko batek irabaztea urruti geratzen da oraindik. "Gaur atzera egin beharko nuke. Izugarrizko ilusioa egiten dit azkeneko txapelketan Maialenek egindako saioak. Txapelduna Egaña da, ez dago eztabaidatzerik, baina Maialenek egin zuen txapelketa! Zoragarria. Txapelak beste balio du. Eta orain ere hor dago. Nork esan ezetz! Gipuzkoakoa irabazi zuen. Gainera, irabazten badu, handia izango da, txapeldun handien artean irabaziko du-eta. Maialen gorantz ari da. Gero eta bertsokera freskoagoa eta ederragoa dauka. Igoal ez du irabaziko txapela, txapela kalitatearen bermea da, baina Maialenek ba dauka hori, txapelik gabe ere!".

Nortasun agiria
Kristina Mardaras Sedrun (Iurreta, 1948). Santuene, Zugazabarribekoa, Katea... izen bat baino gehiago du Iurretako bertsolariaren etxeak. Baserrian jaioak ikastea zuen maite eta ez zuen etsi bide hori urratu zuen arte. Fabrikan lan egin zuen lehenengo, eta zenbait ikastolatan gero, nahiz eta, askok bezala, irakasle titulurik ez izan. Garaiko kontuak. 33 urte zituela egin zen titulazioaren jabe eta irakasle da harrezkero. Iurreta bertoko Maiztegi Herri Ikastetxeko Lehen Hezkuntzako irakasle da. Eskola-orduz kanpo, bertso-eskolaren ardura du. Hainbat talderen sorreran parte hartu eta lan egin du: Durangoko Ikastola, AEK, EHE, bertso-eskola... Plaza utzita dago baina ez bertsolaritza. Saioak antolatzen segitzen du eta Txapelketa denero, berri emateko kolaborazioak eskatzen dizkiote bateko eta besteko irratietatik.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude