argia.eus
INPRIMATU
Jakintza zaharra da
Joxerra Aizpurua Sarasola 2005eko urriaren 30

Pertsona bakoitzak dauka munduari buruzko bere ikuspegia eta gainera batetik bestera asko aldatzen den zerbait da. Hala ere, estereotipo sozialak egon badaude eta hainbat gaitan uste kolektiboak existitzen dira.

Gure ikerketa-zentroetan dauden ikerlariak gazteak dira, gainera batzuk beka batekin aritzen dira doktoregoa egin edo beste lan hobe bat topatu bitartean. Plantilletan finkotasuna lortzen dutenak alor konkretuetan espezializatzen dira eta kongresuetan parte hartzea, argitalpen ahalik eta gehien egitea eta ikerketa-proiektu potoloetan parte hartzea izaten dute helburu.

Alor horretan dabilen nire lagun bati Alemaniara joatea egokitu zitzaion proiektu europar bat zela medio. Bospasei estatutako ikerlariak elkartu ziren, guztiak berrogei urtetik beherakoak Alemaniako eta Erresuma Batukoak izan ezik, hauen ekipoetan hirurogei urtetik gorako ikerlariak baitzeuden. Nire lagun hau harritu egin zen, hain ikerlari adinekoak inoiz ikusi gabea baitzen, baina batzarra aurrera egin ahala harridura handituz joan zen adineko ikerlarien jakinduria agerian geratu zenean.

Euskadira itzultzean lagunari galde egin nion kongresuko emaitzei buruz, baina bere erantzuna ez zen itxarotako alderdi teknikotik joan.

"Joxerra: gauzak ez gara ongi egiten ari. Euskadin ikerlari onak eta saiatuak ditugu, baina gehienak gazteak gara eta atomo mailan asko badakigu ere, industriak behar duen aplikazio praktikoez ezer gutxi dakigu. Alemaniako kongresuan Alemaniako eta Erresuma Batuko hirurogeita gutxi urteko bi ikerlarik esku artean dugun proiektuaren ikuspuntu globala eta praktikoa aurkeztu zuten, hau da, proiektuaren zergatia eta helburua bizitza praktikoaren alorrean. Bi pertsona horiek ingeniariak ziren eta beren bizitza laborala enpresa eta ikerketa-zentroen artean garatzen zuten.

Beraiekin hitz eginez naturaltasun osoz adierazi zidaten pertsona batzuei erretiroa hartzeko garaia ailegatzen zaienean, pertsona horiek urtetan pilatutako ezagutza ezin dutela alperrik galtzen utzi eta sistemak edo metodoak antolatzen dituztela gazteei ezagutza-transmisioa egiteko.

Euskal Herrian pertsona asko eta asko erretiroan pentsatzen aritzen dira eta enpresak ere bai eskulan merkeagoa lortu ahal izateko. Horrela, belaunalditik belaunaldirako ezagutza-zubia ez gara eraikitzen ari eta belaunaldi bakoitzak eraiki behar du berea, askotan aurrekoak egin duena errepikatuz".

Euskadiko ikerketa-zentroak gazteak dira eta agian hemendik hogei urtera adineko ikerlari asko izango ditugu. Ikerketa-zentroen arteko bileretan parte hartzea suertatu zaidanez, egun baieztatu dezaket beti jende gaztea topatzen dudala eta inoiz beste pertsona baten falta sumatu dudanean "enpresara pasa da" esaldia maiz samar entzun dudala. Enpresak ikerlarien ehizan aritzen dira eta beraz, ikerkuntzatik enpresarako jauzia ematen da eta enpresen I+G+B departamentuak indartzeko bide aproposa dela uste dut. Baina, kontutan hartzen badugu Euskadin egiten den ikerketak Euskadiko enpresen lehiakortasuna hobetzea helburu duela ez dut garbi ikusten enpresatik ikerketa-zentrorako informazio-fluxua, are gehiago informazio-fluxua eskasa edo behar adinekoa ez dela esango nuke.

Gure enpresetan gero eta onartuago dago ikerketa, garapena eta berrikuntzak duen garrantzia eta gero eta gehiago dira aipatu ildoetan enpresaren barneko departamentuak sortzen dituztenak. Hala ere, kasu askotan enpresentzat oso interesgarria izan daiteke ikerketa-zentroekin elkarlana bultzatzea, baina horretarako biek norabide berean begiratu beharko lukete.

Hori lortu ahal izateko bere bizitza laborala amaitzen ari diren pertsonek ekarpen handia egin dezakete ikerlari-taldeetan kokatuz. Hau gertatu ahal izateko agian denok aldatu behar ditugu gure ikuspuntuak eta adibidez, horrelako txertaketen kostuaz hitz egin beharrean inbertsioaz hitz egin beharko genuke, eta abar.