argia.eus
INPRIMATU
Ezpalak
Katixa Garate 2005eko urriaren 30

Bertsoaren aroa

Abian da XV. Bertsoaroa, Iruñeko Udalaren eta Bertsozale elkartearen eskutik. Urriaren 27an Esteban Urkiaga Lauaxetaren omenezko ikuskizuna izango da Gaiarre antzokian. Musikari ugarik -Xabier Montoia, Anje Duhalde, Petti...- poetaren poema musikatuak eskainiko dituzte, Oihane Enbeita aktore lanetan lagun dutela. Azaroaren 3an bertso saioa eskainiko dute Julen Zelaieta, Sustrai Colina, Estitxu Arozena eta Joxe Juan Zubieta Etxabek Gurutze Plaza institutuan. Azaroaren 8an Patxi Zubizarretak 10 mezu eta dei bat errezitala eskainiko du, Josetxo Goia-Aribe eta Txema Garcés musikarien laguntzaz. Institutuan bertan arituko dira bertsotan Xabier Amuriza, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso azaroaren 10ean.


Wintercase: musika jaialdi ibiltaria

Laugarren urtez lau hiritako aretotako bozgorailuak astinduko ditu Wintercase Musika Independentearen jaialdiak. Hamabi bandek Bilbon (Kafe Antzokia), Valentzian, Bartzelonan eta Madrilen eskainiko dituzte kontzertuak lau astetan zehar. Besteren artean, Teenage Fanclub, The Tears, Kaiser Chiefs, The Decemberist, Ian Brown, Supergrass eta Mercury Rev taldeek.


Mota guztietako antzezlanak

Gasteiz, Santurtzi eta Bilboko jaialdiei, beste hiru batuko zaizkie egunotan. Urriaren 27tik 30era, Irungo Gazte Antzerkiaren XXI. Erakustaldiak talde gazteen lanak jasoko ditu. Besteak beste, Antzerkiola Imaginarioaren eta Sagarroiren Ezekiel, Pikor taldearen Al fondo a la derecha eta Kolax konpainiaren Ingurumenua izango dira ikusgai. Azaroaren 4an hasiko da Berako VII. Kafe Antzerki zikloa eta hiru lan eskainiko ditu: Teresa López de Munainen Ugaztun baten antsiak (azaroak 4), Txireneren Nora hoa, neska? (azaroak 11) eta Bele Bizi taldearen Ke takoiak (azaroak 18). Azpeitiko XXIII. Euskal Antzerki Topaketak ere azaroaren 4an abiatuko dira. Besteak beste, Kandido Urangak Henry Bengoa Inventarium eskainiko du, Txalo ekoiztetxeak Erreleboa estreinatuko du eta Lakrikun taldeak Zintzilik antzeztuko.


Manterola liburudendak berrogeita hamar urte.

Juan Arbelaizek liburu asko biltzen zuen etxean, liburu zaharrak, arraroak... harik eta Donostian Manterola liburu denda zabaltzea erabaki zuen arte. Arbelaizen seme-alabek eman zioten dendari segida eta aurten 50 urte bete behar ditu. Eta ospatzeko Koldo Mitxelena kulturunean egingo dituzte jardunaldiak, urriaren 26-27an. Euskal liburu bitxien erakusketaz gain, bi mahai-inguru izango dira, euskal liburuek liburutegi publikoetan duten lekuaz eta liburu zaharrez.


Nazioarteko trikiti festa.

Aurten ere Nazioarteko Trikitixa Jaialdia egingo dute Kursaaleko Ganbara aretoan. Urtetik urtera, gorantz doa partaide kopurua. Irma Karrera eta Amets Arteaga, Axier eta Oroitz Unsain, Xabier Etxaniz eta Ainara Saizar, Leire Zumeta eta Amaia Arza eta Eneritz Bengoetxea eta Edurne Errandonea bikoteez gain, Sardiniako Totore Chess et Luigi Lai, Kataluniako Pomada, Frantziako Marc Perrone eta Marie-Odile Chantran eta Irlandako James Hogan eta Denise Bracken izango dira oholtzan.


Abesbatza lehiaketa Tolosan

Nazioarteko abesbatza andanaren doinu eztiak entzuteko parada izango da Tolosan, urriaren 28tik azaroaren 1a bitarte. Mundu mailan entzutetsua den Lehiaketaren 37. edizio honetan, Bielorrusia, Kanada nahiz Argentinatik etorritako hogeita bat abesbatza izango dira lehian, Leidor aretoan: Coral Antiphona, Yellow Case, The Tudor Consort, Coro Universitario de San Juan, Maria Vokalemsemble... Ez da bertako partaiderik izango. Abesbatza horietako batzuk kontzertu gehiago emango dituzte Euskal Herrian. Esaterako, Ordizian, Erriberrin eta Muskizen izango dira. Doinu eztiekin.