Aire, Aire Euskarari kanpaina jarri du abian Gipuzkoako Foru Aldundiak
Aire freskoa sar dadila nahi dute kanpainaren arduradunek. Euskara jakitearen eta hitz egitearen artean dagoen aldea aipatu zuten kanpainaren aurkezpenean. Euskara, ez baserriko zokoan baizik eta hirian, herrian, auzoan, bulegoan, sarean, etxean... erabiltzeko dela azpimarratu zuten. Leloa komunikabideetan zabalduko dute eta horretaz gain, edozeinek (udalek, elkarteek...) erabili ahal izango du ahal den guztia zabal dadin.
Arartekoak Patxi Larraintzarreko gurasoen eskariaren alde egin du
Nafarroako Arartekoak, Maria Jesus Arandak Iruñeko Patxi Larraintzar ikastetxeari buruzko txostenean dio aurrez fabrikatutako gelak behin-behineko irtenbidea direla eta eraikin berriko lanak lehenbailehen hasteko eskatu du. Duela bost urte hasi zen D ereduko ikastetxea aurrez fabrikatutako gela horietan eskolak ematen, gurasoek diotenez, tokirik ez dutelako. Aralarrek eskatuta Parlamentuan egin duen agerraldian, Luis Campoy Hezkuntza kontseilariak esan du Patxi Larraintzarren ez daudela egoera onenean, baina tokia badutela. Kontseilariaren esanetan eraikin berria 2007-2008 ikasturterako prest izango da.
Enpresan Bai Euskarari kanpaina jarri du abian Kontseiluak
Kontseiluak Bai Euskarari Ziurtagiriaren bitartez hizkuntza konpromisoak zabaldu nahi ditu 50 langiletik gorako 1.300 enpresatan. Prest diren enpresariak eta langileak Kontseiluarekin jarriko dira harremanetan eta ondoren hasiko dute konpromiso prozesua. Kanpaina egiteko EHNE, ESK, ELA, HIRU eta LAB sindikatuen laguntza izango du Kontseiluak. Lantegietan eta bulegoetan 19.000 kartel banatuko dituzte hormetan itsasteko.
Ana Toledo euskaltzain oso berri
Urriaren 21ean, Mungian (Bizkaia), egin zuen Euskaltzaindiak bozketa Juan San Martin euskaltzain osoaren lekua hartuko zuena aukeratzeko. Hautagai bakarra zegoen eta bozketan gehiengo osoa lortu zuen. Ana Toledo Zarautzen bizi den antzuolarra da, Filologia Hispanikoan lizentziatua eta Euskal Filologian lizentziatua eta doktorea Deustuko Unibertsitatean. Unibertsitate horretan eta Bilboko campusean euskal literatura irakasten du.
Auzitegi Konstituzionalak onartu du Administrazioa euskalduntzeko dekretua
Eusko Jaurlaritzak Justizia Administrazioa euskalduntzeko dekretua sindikatuekin adostu zuen 2001. urtean. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak dekretuaren aurka errekurtsoa jarri zuen. Orain, Auzitegi Konstituzionalak atzera bota du errekurtsoa eta dekretua onartu. Beraz, EAEko Justizia Administrazioko hainbat lanpostutan derrigorrezkoa izango da euskara jakitea.