argia.eus
INPRIMATU
Euskal arazoa
Juan Ramon Makuso 2007ko otsailaren 21
Ez da gurea bakarra. Nik esango nuke gizateriarena dela. Eta ez naiz hasiko erkatzen iragana eta oraina. Arazoa beti egon da. Eta arazoa da gutxi irakurtzen dugula. Eta gutxi irakurtzeak bere ondorioak ditu. Gizarte mailan zein jende mailan. Desoreka handia sortzen du geure bizitzan liburuak leku gutxi izateak. Eta okerrena, askotan ez gara ohartzen gabezia honetaz. Honen lekuko adibide asko ditugu. Hasi egunkarietatik eta ikusi besterik ez dugu egin behar zenbat amurekin datozen jendeak irakur -edo eros?- ditzan. Eta zer esanik ez eskoletako estatistikak plazaratzen direnean. Emaitzak eskasak omen dira eta erruetako bat ez irakurtzearena omen da. Baina inork ez du txintik ere esaten geure hezkuntza sisteman literaturak duen leku urriaz. Esan daiteke, bereziki batxilergoan, desagertua dagoela. Eta zer esaten didazu irakurle (hor zaude ezta?) komunikabideetan literaturak daukan lekuaz? Ia beti espazio berezietan agertzen zaizkigu literaturaren albisteak. Irudikatu ezazu politikarien jarduna egunkarietako laburretan. Ze polita izango litzatekeen! Aldiz, tertulietan, Padronen poesiaz jardutea; edo Otto Petteren liburuko estilistikaz. Ederregia egia izateko.