Euskal siderurgian talde gailenena da altzairu berezien fabrikazioan; Europan, berriz, nagusietako bat. Sociedad Anónima Echevarría (SAE) taldearen jatorrikoa da Sidenor eta 1882ko Castrejanako Santa Águeda enpresa izan zen sozietate horretako lehena. Ibilian-ibilian, altzairu-fabriken fusio ugariez gain, erdibidean Acerialesen jaiotza ere ezagutu ondoren, Acenor eratu zen 1988. urtean Gobernu Zentralaren eta Euskadikoaren eskutik, eta hartan integratu ziren SAE taldea, Aceros de Llodio, Hernaniko Pedro Orbegozo eta Loiuko Olarra. Guztiek estatuaren kargurako erretiro aurreratuak eta indemnizazioak aplikatuz zegozkien lanpostuak murrizteko planak zituzten. Hurrena, 1995. urtean, Aceros y Forjas de Reinosa eta Acenor fusionatu eta gero, Sidenorren pribatizazioa heldu zen, eta goiko multzoko ia enpresa guztiak desmantelatu ziren, salbu SAEren Basauriko instalazioak, non baitago, hain zuzen, oraingo Sidenorren zentro neuralgikoa. 2000. urtean abiatu zen Basauriko altzairu-fabrika berria. Esportazio oparoei esker, Sidenorrek 721.000 tonako salmentak lortu zituen 2004an, eta 551 milioi euroko diru-sarrera izan zuen. Bost milioi euroko inbertsioa egin zuen, eta 16 milioi euroko irabazia bereganatu. 2004. urtearen bukaeran, 2.241 laguneko plantilla zeukan.