argia.eus
INPRIMATU
Sor-sorrean
Igor Estankona 2007ko otsailaren 21a
Dena ulertu gura duenak ikasi behar duen lehen lezioa da, hain zuzen, ezinezkoa dela dena ulertzea. Osoki maitatu nahi duenak ulertu behar duen moduan hori ametsa baino ez dela. Gustatuko litzaiguke, bai, formula bakarrean laburbiltzea den guztia, baina gauzek ihes egiten digute eta iritsi ezin garen talaia batetik iraintzen gaituzte, amultsuki.
Zutabeak idaztearen nekeak hartzen nau batzutan. Azkenean epai bat, iritzi bat eskatzen zaigu. Eta esango nituzke gauzak artez, alferrikako bueltarik eman barik, baina dudaren kokoak jaten dit garaua apurka-apurka. Zerbaitek ihes egiten digu beti, esaten diot nire buruari, eta okertzen ari ote naizen pentsatzen dut, zalantza mikatzak burua inurriz betetzen didan bitartean.
Printzeak ere esan ei zion printzesari: "Hain dira zabalak oinordetzan hartuko ditugun lurraldeak! Euren gainean dugun ahala ilusio bat baino ez da". Arinki epai dezakegu askotan edonor, edozein ekintza. Baina irakurleak jakin behar du ezjakinaren apaltasunetik ari garela, kondena hori daramagula.