Lolo Rico: «Ezingo nuke jolastu gabe bizi»


2005eko urriaren 23an
Cartas de una madre de izquierdas a una hija de derechas (Ezkerreko ama baten gutunak eskuineko alaba bati) liburuan 36ko Gerraosteko alaba zarela diozu. Baina ez dut zure jaiotze data inon topatu...
Jaiotze data kontu handiz ezkutatzen dudan data da, horrek esan nahi du pixka bat ergela eta nahiko zaharra naizela. Gerrako alaba naiz, eta hura bukatu zenean oraindik txikia nintzen arren, munduan nengoen Gerraostea bizitzeko.

Aitak liburutegi handi bat omen zeukan. Behin bertako zenbait liburu erre behar izan zenituzten.
Egia da hil zen arte aitak liburutegi ona izan zuela beti eta behin zenbait liburu erre behar izan zituztela. Aita oso kontserbadorea zen, eta bere etxean nire bizitza markatu duten bi liburu aurkitu nituen. Sigmund Freud-en Bizitzaren Psicopatologia zen bata. Liburu entregenigarria da, ezhoiko adibideez josita dagoelako. Zati mamitsuenak gainetik begiratuko nituela pentsatzen dut. Baina oraindik ezin dut ulertu nola 8-9 urteko neskato batek liburu hura irakur zezakeen. Irakurri bakarrik ez, gogoan gordeta geratu zitzaidan. Eta horregatik jakin ahal izan nuen bizitzan akatsek oinarri psikologiko garrantzitsua dutela: akats hutsa ez dela existitzen.
Beste liburua Carl Marx-en Kapitala izan zen. Liburu hura aukeratu nuen aitak esan zidalako liburutegitik nahi nituen liburuak hartzeko eta ni beheko apaletan zeudenetatik hasi nintzen. Kapitala larruzko liburu bat zen. Eskura zegoen eta arreta deitzen zuen oso lodia zelako eta ertz gorriak zituelako. Ez nuen ezta hitz erdirik ere ulertu. Ez dut uste nire eskuetan bi egunetik gora igaro zuenik, baina adorea eman zidan uste nuelako liburu hura ulertzea lortzen nuenean aitaren berdina izango nintzela. Ez nekien irakurtzea eta ulertzea lortzen nuenean aitaren aurkakoa izango nintzenik.
Aitak esaten zidan: «Libururen batek min egiten badizu, utzi». Goiko apaletan zegoen liburu bat nire buruaren gainera erortzeko arriskuaz ari zela uste nuen. Horregatik behean zeudenak hartzen nituen. Beraz, nire liburutegiko hastapenak akatsez josita egon ziren, baina polita izan zen eta denboran zehar iraun du horrek. Pasioa dut liburuekiko.

Zeintzuk utzi zenituen bada min egiten zizutelako?
Utzi, nik ez nuen bat bera ere utzi, baina gogoratzen dudanaren arabera, amak bi irakurtzea eragotzi zidan: bat Darío Fernández Florez-en Lola espejo oscuro eta bestea Lo que el viento se llevó. Horiek ziren nire amaren ustez nik hamabi urterekin-edo irakurri ezin nituen liburuak. Baina inoiz ez zitzaidanez libururik buru gainera erori, ez nuen bakar bat ere utzi.

Donostia zure haurtzaro eta nerabezaroko hiria dela esan izan duzu. Eta itzuli zara...
Donostian bizitzea beti izan da ametsa niretzat. Hemen daude nire arimaren paisaiak. Madrilen dut etxea, baina hona itzultzea oso garrantzitsua da niretzat. Etxera itzultzea da, baina amestutako etxe batera.

Inoiz bizi izan zara Euskal Herrian, orduan?
Nire ama eta bere sendia nafarrak dira, eta amaren anaia bakarra Donostiako neska batekin ezkondu zen. Nik haiekin denboraldi luzeak igarotzen nituen.

Non jaioa zara bada?
Madrilen jaio nintzen, eta sentitzen dut.

Norberak ez du aukeratzen non jaio ordea...
Ez, baina hori hautatzeko aukera eman ziezazuketen gutxienez. Euskal Herriarekin liluratua nago eta euskaldun bokazioa dut, Madrilek ordea, oso gauza gutxi iradokitzen dizkit. Txikitan, fantasiak izaten nituenean, lanbidez artista izatea aukeratzen nuen beti: margolaria -eta izango nintzen, pintatzen jakin izan banu-, zineko artista, idazlea... edo haurrei bururatzen zaizkien gauza horietako bat. Ez nintzen inoiz aberatsa, eta beti nintzen famatua eta atzerritarra: Iparraldeko herrialde batekoa, edo errusiarra. Beti oso urruti zegoen eta niretzat oso ezezaguna zen leku batekoa nintzen. Dirudienez, berez nituenak baino muga zabalagoak eta herrialde ezberdin bat behar nituen famatua izan ahal izateko. Eta horixe zen garai haietan lortu nahi nuena.

Askotan galdetzen dizute nola moldatu zinen zazpi seme-alaben ama izan eta aldi berean ibilbide profesional oparoa egiteko. Garai haietan ez zen samurra izango...
Biak uztartu ahal izan nituen haurrentzako gauzak egiten hasi nintzelako. Argitaratu nuen lehen liburua Los cuentos del sarampión (Elgorriaren ipuinak) izan zen. Seme-alabentzat asmatu nuen elgorria zutenean. Haietako lauk elgorria izango zuten seguruaski, eta lau elgorrik, bata bestearen atzean, denbora asko ematen dute ipuinetarako. Nik etxean lan egiteko zortea izan nuen: haurrentzako ipuinak idazten nituen edo gidoiak egiten nituen. Horrez gain, 19 urtez egon zen pertsona bat, Maria Pilar izenekoa, nire seme-alabak zaintzen; zorte handia izan nuen bere laguntza izanik. Batez ere, nik mundu guztian zehar asko bidaiatzen nuen denboraldietan. Hainbeste bidaiatzen nuen seme-alabetako batek galdetu zidala behin: «Ama, Indiana Jones izateko ikasten ari zara?». Garai haietan leku benetan exotikoetara bidaiatzen nuen eta Maria Pilar beraientzat bigarren ama bezalakoa zen. Nire lana gustatzen zitzaidan eta nire seme-alabak ere gustuko nituen, beraz, biak aldi berean egiten nituen.
Ez banitu izan etxea aurrera ateratzeko adorea emango zidaten seme-alabak -lan nekeza eta zaila, zortzi ginelako- ez nituen hainbeste gauza egingo. Munduko denbora guztia nire esku izan banu, agian famatu izatearekin amets egiten zuen etxekoandrea izango nintzen.

Beraz, seme-alabek lagundu dizute zure ibilbide profesionalean?
Seme-alabek asko lagundu didate nire bizitzako alor askotan, bai profesionalean bai pertsonalean. Baina beraiek aurrera ateratzeko beharrak eman zidan adorea ametsen eta akzioaren, fantasiaren eta errealitatearen arteko barrera hausteko, lanean hasteko eta ondoren jarraitzeko.

Zer egingo zenukeen zure seme-alabetako bat benetan eskuinekoa izan balitz?
Ez nukeen ezer egingo. Onartu egingo nuen. Seme-alabak hezitzeko modurik eraginkorrena maitatzea da. Seme-alabak diren bezala maitatu behar dira, ez guk izatea nahi genukeen bezala. Zenbait gairi buruzko hizketaldietan desadostasunak izango genituen. Baina ulertzen saiatuko nintzen; ulertzen eta ez toleratzen, ez baita berdina; toleratzea oso hitz itxusia da. Toleratu hitza gorroto dut. Egia esan, norberak norbait maite duenean, konprenitu egiten du, ulertu egiten du, eta onartu.

Zure ibilbide profesionala La Bola de Cristalera laburtzen da gehiegitan. Zure lanaren beste alderdiak ez dira ia inoiz aipatzen.
Batzuetan gehiegizkoa izatera ere iristen dela onartzen dut. Alde batetik asko gustatzen zait, kaletik jendeak gelditzen nauelako eta esan: «Zu Lolo Rico zara». Ez dut ulertzen nola ezagutzen nauten! Pozten naiz nik telebista ezagutu nuelako oraindik ere marka uzteko askatasuna zuen garaietan. Zuen kalitateagatik belaunaldiz belaunaldi iraun duen saio batean lan egiteko zortea izan nuen. Ohorea da hori. Bestaldetik, beste gauza asko egin ditut, La Bola de Cristalez gain...

Irratian ere lan egin zenuen eta nonbait irakurri dut gerra argazkilaria ere izan zinela...
Ez, hori ez da egia. Capparen argazkiak bildu zituen liburu batean parte hartu nuen. Noizbait ere esan dut gustatuko litzaidakeela gerra argazkilari izatea. Fantasiak dira, eta batzuetan pena ematen dit argitzeak, zeren La Bola de Cristalekin mito bat egin da eta nire bizitzarekin ere bai. Beldurra ematen dit jendeari huts egiteak. Pena ematen dit gerrako argazkilaria ez naizela esateak. Ordea, zenbait alditan korrespontsal lana egin dut. Adibidez, Mediterraneoko herrien Maltako Konferentzian, Gadafik eman behar zuen prentsaurrekoan egon nintzen Tripolin... Leku askotara bidaiatu dut eta zenbait konfliktotan egon naiz. Baina ez nintzen argazkilaria.
Irratiari dagokionez, nik beti medio publikoetan egin izan dut lan. Egia esan, alor publikoa asko gustatzen zait. Radio Nacional de Españara iritsi nintzenean ez zegoen haurrentzako saiorik. Eta pixkanaka joan nintzen haiek sortzen, beraz, haurrentzako saioen koordintzaile bihurtu nintzen praktikan, nahiz eta inork ez ninduen horretarako izendatu.

Nolakoa izan zen telebistarako saltoa?
Deitu egin zidaten. La Cometa Blanca egiten ari ziren, eta ez zihoan ondo. Nik La Casa del Reloj izena zuen saiorako gidoiak idatziak nituen. La Cometa Blancan lan egitea eskaini zidaten eta onartu egin nuen. Ordutik ez naiz irratira itzuli, nahiz eta asko gustatzen zaidan.

RTVEko pasiloetan ere pasa zenuen denboraldi bat. Berez lanpostua bazenuen baina ez zizuten lanik ematen. Zer moduzko giroa egoten da han?
Telebistako pasiloak Madrileko kaleen sintesia izan dira beti. Diktatorialak Diktadura garaian, zalantzazkoak Trantsizio garaian, sortzaileak askatasuna egon denean. Diktadura garaian zurrumurruak entzuten ziren; Trantsizioan zalaparta eta garrasiak... Orain ez dakit nolakoak izango diren, bertan ez nagoelako. Baina pentsatzen dut kalean dagoenaren isla izango direla.

Eta zer egiten du batek pasiloetan?
Eskaileratan eseri eta traba egiten saiatu. Bitan egon naiz bertan, lehenengoa La Bola de Cristal egiteko deitu baino lehen, eta bigarrena hilabete batzutan zehar 90eko hamarkada bukaeran.

Lagunik egiten al da bertan?
Ez, etsaiak egiten dira, asko lehiatu behar zarelako lana lortzeko. Egia esan, lagunekin ere aurkitzen zara, lagunak ez direlako normalean goiko postuetan egoten. Pasiloetan ez da ezer egiten; horixe da zehaz-mehatz egiten dena: ezer ere ez.

Zenbat alditan joan zara Televisión Españolatik?
Hiru aldiz. Lehenengoa 1988an La Bola de Cristal amaitu zenean. Zentsura txiki bat egin zen. Eta hark pentsarazi zidan ordura arte bizi izan genuen askatasun erabateko garai hura amaitu egin zela eta presioa egingo zidatela La Bolan gauzak aldatzeko, eta beraz nik taldekoak presionatu beharko nituela. Eta ni ez nengoen prest inor presionatzeko. Horregatik eta nekatuta eta aspertuta nengoelako beti berdina egiteaz, alde egitea erabaki nuen. Agian borrokan jarraitu izan banu... ez baitzen askatasunaren mugatze nabarmena izan, tontakeria izan zen. Baina nahikoa izan zen niretzat.

Zer zentsuratu zizueten bada?
Kolegio pribatuei buruz egin genuen satira. Garai hartan kolegio pribatuei diru-laguntzak ematekotan ziren. Desagertu egin zen saiotik.

Eta beste bi alditan nola joan zinen?
Bigarrenean egiten ari nintzen lanaren ondorioz utzi nuen telebista. Filmak ikuskatzen egoten nintzen haiek akatsen bat ote zuten jakiteko, eta ordu luzeak igarotzen nituen filmak ikusten. Ondorioz erretina-askatzea izan nuen.
Eta hirugarrena, azkena, orain bost urte-edo, behin betikoa izan zen. Dokumentalak egiten ari nintzen. Hiru egin nituen, bat Josefina Aldecoaren Historia de una maestra liburuan oinarritua, bestea Juan Marseren La oscura historia de mi prima Montse, eta azkena ahozko transmisioari buruzkoa, Bernardo Atxagaren poemekin. Horietako bat bakarra eman zuten telebistan eta gaueko ordu txikitan. Han ez nindutela nahi ikusi nuen. Eta nik ez nuen lan egiten gero sortutako lanak kaxoian gordeta egoteko.
Telebistari naizen guztia zor diot eta baita ez naizen guztia ere. Naizen guztia telebistaz dakidan guztia erakutsi didalako. Eta ez naizen guztia ikasi nuena egitea eragotzi zidalako. Asko egin dut telebistan, baina uste dut ezin izan dudala askatasunez eta lasaitasunez lan egin ezta beharrezko baliabideekin ere.

La Bolak orain 20 urte frogatu zuen bestelako telebista posible zela.
Noski, noski.

Eta 20 urte eta gero zergatik ez da egiten beste era bateko telebista, kalitatezkoa? Ez al dizute ezer proposatu urte hauetan?
Ez. Alcala de Henareseko Unibertsitateak Cervantes Sariari loturik dagoen 2003ko Hitzaren Jaialdia La Bola de Cristali eskaini zionean ere, ez zidaten ezer eskaini. Ez bakarrik niri, taldeko inori ez zioten ezer eskaini, profesional handiz osatutako talde hartako inori. Ni orain edadetua naiz, baina nirekin lan egin zuten gehienek ez dituzte oraindik 50 urteak bete. Absurdoa da. Beraz, interpretatzen dut ez zaiela gustatzen ezarrita dagoena asaldatzen duen saiorik egiterik, politikoki zuzena den jarrera mantentzen ez duen saiorik. Eta gu, La Bola de Cristalen, urratzaile handiak izan ginen, baina baita hezitzaile handiak ere. Niri ere ez zait interesatzen egun telebistan egiten ari dena egitea. Eta beraiei ez zaie besterik interesatzen. La Bola de Cristal aparteko saioa da, baina oso ondo dago dagoen lekuan, iraganean.

Ezkerra dago orain Espainiako Gobernuan. Eta berari ere ez zaio interesatzen orduan...
Ustez, ezkerra dago, bai. Pentsamendua gaur egun ez zaio inori interesatzen. Sistema kapitalista batean bizi gara. Sistema horren barruan alderdiak egon daitezke, baina sistema onartu duten alderdiak bakarrik dira. Adierazpen askatasuna dagoela dirudien arren eta kritika egin daitekeela dirudien arren, den bezalakoa onartu behar den sistema da. Benetan adierazpen askatasun hori baliatzen baduzu, edozein gauza gerta dakizuke. Zure lana ere gal dezakezu. Hala ere, argitaletxe ona dut eta lanean ari naiz. Ezin naiz kexatu. Ni bere txakurrekin bizi den erretiratua izatea komeni den arren, ez naiz erretiratu bat. Haurrentzako ipuin bilduma idazten ari naiz eta nire memoriak egiten hasiko naiz. Ikus-entzulearen Eskuliburua ere egin nahi dut.

Nolakoak dira orain zure eta RTVEren arteko harremanak?
Ez dugu harremanik. Harreman adeitsua izan zen La Bola de Cristaleko produktu guztiak egin zirenean. Baina ez dugu gauza handirik elkarri esateko. Los Lunis bezalako saio bat egin duen eta egiten duen telebistak ezin duela La Bola de Cristal emititu ulertzen dut. Nola programatu dezake Los Lunis eta La Bola de Cristal aldi berean? La Bola de Cristalek ez ditu hurrengo belaunaldiak markatuko baina espero dut horren ordez beste saioren bat egongo dela, zeren gaur eguneko programazioa hain kontserbatzailea da, hain konbentzionala!

Gaurko zentsura ordukoa baino okerragoa al da?
Ez dakit, orain zorionez ez baitut pairatzen. Beldur naiz orain ere inori ez zaiola interesatzen jendeak pentsatzea. Nik ezin izan ditut inoiz nire bizitza profesionala eta nire konpromiso ideologikoa, politikoa eta soziala bereiztu. Ez dut ulertzen jendeak ondo pasatzea dibertsioarekin bakarrik, beste guztia kenduta. La Bola de Cristalek horixe erakutsi baitzuen: posible zela erakustea eta dibertitzea, dena aldi berean. Ez dakit zergatik saio kultural bat, hausnartzera laguntzen duena, aspergarritzat jotzen den beti. Eta alderantziz, zergatik saio dibertigarri batek ergela izan behar duen. Ez ditut prentsa arrosa eta telebistako saio arrosak ulertzen. Saio horiek ez dira beharrezkoak. Lotsatu, bortxatu egiten naute. Ez dago hori baino biolentzia handiagorik: pertsona bat tenteltzat hartzea pertsona hori asko lotsaraztea, behartzea, asko bortxatzea da.

Baina La Bola de Cristalez ere esan izan da ezkerrak «bazekiela manipulatzen», jendea «doktrinatu egiten zenutela».
Oxala! Poztuko nintzatekeen gehiago doktrinatu izan bagenu! Asko gustatuko litzaidake gaur esan ahal izatea: mundu guztia ezkerrekoa da, nik manipulatu dudalako. Ez ginen hainbestera iritsi. Ezkerreko talde bat ginen, ez genuen inoiz disimulatu. Nola pentsa liteke mundua berdin ikusten duela eskuineko pertsonak eta ezkerrekoak? Bizitzeko eta pentsatzeko bi era ezberdin dira. Berriz diot, ezkerrekoak ginen, eta horregatik, ezkertiar bezala, sentitu, maitatu eta pentsatzen genuen. Inoiz ez genuen inor dotrinatzeko ahaleginik egin. Ezin genuen egin eskuinari kritikatzen genion gauza bera, ezin genuen esan zer zegoen ondo eta zer gaizki. Genekiena egiten genuen, gure bizitzeko eta pentsatzeko moduarekin. Adibidez, ez genuen inoiz onartu jendea kontsumitzera, eta are gutxiago haurrak, eramango zuen saioa egiterik. Ez genuen onartu marketingik gure saioaren inguruan. Publizitatea sortzen joan zen heinean -publizitatearen aurkako ginen, antikontsumo ginelako- geure kontrapublizitate propioa egiten genuen.

Zer ikusi zuen Movida Madrileñak, berritze estetikoko mugimendu hark, zuen saioarekin?
Ez zuen ezer ikustekorik. Guk ere telebista berritu nahi genuen gure produktuarekin, zeinak umorearekin eta ironiarekin zehaztutako ukitu marxista zuen. Gure produktua kritikoa eta urratzailea zen. Eta Movidaren estetika hartu genuen, gustuko genuelako, izan ere garai haietan hainbesteko gozamena ematen zuen nahi zuena esan, bere airera ibili, beste modu batean dantza egin, hitz egin eta mugitzen zen eta besteek bezala janzten ez zuen jendea kalean ikusteak... eta hori guztia sinpatiaz eta gustu onez egiten zuten. Horregatik aukeratu genuen Movidako estetika. Ez zen inoiz gure artean arazorik egon erabat errespetatzen genuelako elkar, nahiz eta politikoki zer ikusi gutxi izan. Zeren Movida Madrileña apolitikoa izan zen erabat.

Harreman ona zenuten beraz...
Oso ona. Alaskak aurkezten zuen zati bat, Pablo Carbonelek bestea... baina Movida Madrileñakoa ez zen askotariko jendea ere etortzen zen saiora, adibidez, Ana Belen eta Victor Manuel, eta Massiel, Maria Dolores Pradera, Kiko Veneno eta zenbait talde, hauen artean orduan hasi berriak ziren euskaldun batzuk ere bai. Jende guztiari ireki ginen. Haurrei hauxe esaten saiatzen ginen: «Hau guztia musika da: musikan aurki ditzakezu musika klasikoa, popa, Argentinako tangoa... eta orain aukeratu; literaturan Julio Verne, Allan Poe, Cortazar... dituzu; artean Pradoko Museora joaten bazara hau aurkituko duzu, Arte Modernoaren museora bazoaz beste hau...; jendea ere askotarikoa dago, adibidez, hortxe dago Alaska ile arraro horiekin, eta neska ona da, azkarra, atsegina, den bezalakoa izan nahi du besterik ez, Kiko Veneno ere hor dago, Santiago Userón eta beste batzuk». Gehiago entzun zezaten nahi genuen, sentsibilitate handiagoa izan zezaten. Sentsibilitate ezberdinak zeudela erakutsi nahi genien, herri bakoitzeko hizkuntza eta ohiturak errepestatu zitzaten eta ondoren, guzti harekin nahi zutena egin zezaten. Inteligentzia unibertsal bihurtu nahi genuen, mundu hobea bilatzera bultzatu. Hori guztia manipulatzea deitzen bada, onartzen dut manipulatu egin genituela.

TVE-n telebista saio bat zuzentzen lehen emakumea izan zinen. Zer moduz moldatzen zinen lankideekin, emakumeekin eta gizonekin?
Gaztetan indar handia nuen eta ez nuen ezer berezirik nabaritzen emakume izateagatik. Diferentzia horietaz nagusia izaten hasi naizenean ohartu naiz. Askoz errazagoa da zaharra izatea gizon izanik emakume izanik baino. Emakume zarenean etengabe frogatu behar duzu zenbat balio duzun. Gogoratzen dut Historia de una maestra Leonen grabatzen ari ginenean gertatu zitzaidana. Erdi erorita zegoen etxe bat aurkitu genuen grabaziorako. Sukaldean leiho bat zuen eta bertatik kanpoko argia sartzen zen. Taldekoek sukaldean grabatu behar genuen eszena hura argiztatzeko tresna elektronikoak eraman zituzten. Nik esan nien ez nuela nahi eszena hura argiztatzerik. «A zer tontakeria!» esaten zidaten haiek. Azkenean, onartu egin nuen argiztatzea. Sukaldea argiztatu egin genuen eta gero, leihotik sartzen zen argi naturalarekin soilik grabatu genuen. Gauean denak bildu nituen materiala ikuskatzeko. Argiztatu gabeko irudietan leihotxo hartatik sartzen zen argia izugarri ederra ikusten zen, kontrastea ikaragarria zen, eta egokiagoa guk egin nahi genuenerako. Orduan esan nien: «Zergatik ez da nahikoa zuentzat ni zuzendaria eta errealizatzailea izatea? Errealizatzailea gizona izan balitz, ez zenioten aurka egingo. Zergatik egin behar izan dut azterketa zuekin? Nire nagusiekin etsamina egina nuen jada dokumental hau zuzendu ahal izateko eta errealizatzailea izateko...».
Baina nagusi egiten joan naizenean nabaritu dut benetan emakume eta gizonen arteko diferentzia. Denboraldi batean gizonez janztea erabaki nuen. Korbata janzten nuen, ilea moztu nuen eta atzeraka orraztuta eramaten nuen. Uste dut ingurukoek pentsatu zutela hura «Loloren bitxikeria bat gehiago» zela. Ez nuen inoiz guzti haren arrazoirik azaldu baina gizonak emakume gazteekin askoz atseginagoak, askoz zuzenagoak, askoz jatorragoak, askoz edukazio hobeagokoak direlako egin nuen eta beraiekin, gazteekin, jarrera ez hain agresiboa dutelako. Nagusia zarenean ez zaitu inork errespetatzen ez zaituztelako gustuko. Eta nik pentsatzen dut: «Nik ez dut zuretzako gustagarria izan nahi, nik nahi dudana bakar-bakarrik da nirekin izan zaitezen ni gizona izango banintz bezala, ez dut zurekin ezer nahi, pertsona bezala errespetua da nahi dudana». Baina La Bola de Cristali esker beti jaso dut errespetua, estimua, arreta... eta adin guztietako jendearengandik. Ez dut batere kexarik.

«Aberatsak eta zoriontsuak bagina ez genukeela telebistarik ikusiko» diozu. Aberatsek ez al dute telebistarik ikusten?
Garbi dagoena da ezin duenak ez bidaiatu, ez zinera edo antzerkira joan eta bizitza arazoz eta atsekabez beteta duenak ez duela beste irtenbiderik. Gogoratzen naiz behin Gaztela Mantxako herrixka batera joan nintzela telebistari buruzko hitzaldia ematera. Neguko arratsalde bat zen, eta ordua baino lehen iritsi nintzen. Horrela konturatu nintzen herrian ez zegoela ez zinerik, ez antzokirik, ez kafetegirik. Eskerrak liburutegia bazutela. Telebistaz gaizki hitz egiteaz lotsa sentitu nuen, hitzaldian esan nuen guztia benetan pentsatzen nuen arren. Baina, zer egin zezaketen? Ezin zuten telebistarengandik alde egin... Nola entretenitu zitezkeen? Zeinekin ordezkatu? Pertsona bat aberatsa denean irtenbide gehiago ditu. Pobreak pantailatik irteten den guztia ikusi beste aukerarik ez du.

Ezkertiarra izatea ez dago modan gaur egun.
Ez, baina modan ez dagoen arren nik beti Silvio Rodriguez-ek bezala esaten dut: Jaio nintzen bezala hilko naiz ni. Uste dut gaur egun ematen duena baino ezkertiar gehiago garela. Agian ez gara oso borrokalariak. Eta nik espiritu gogotsu eta borrokalaria duen ezkerra nahi dut, ez eskuinekoa bezain espiritu pasiboa duena. Baina uste dut intelektual ezkertiarrak, alderdi politiko bateko kide izan edo ez, itxaropena direla. Eta nik ere itxaropen horren parte izan nahi dut. Garbi dago kapitalismo basati hau dena suntsitzen ari dela. Natura txikitu du, bakea eragozten du, gerrak ekartzen ditu eta gizakia robotizatu nahi du. Gizakiak esnatu egin behar du. Uste dut beste mundu bat posible dela, baina ez dugu deskribatu beste mundu horrek nolakoa izan beharko lukeen. Pentsatu al dute nolako mundua? Eseri al dira idaztera «hau eta hau izango duen mundu bat nahi dugu»? Eser daitezela idaztera.

Eta zein desabantaila du ezkertiarra izateak?
Desabantaila asko ditu, baina merezi izan du. Egia da «aukerak» galtzen direla, baina ez dakizu benetako aukerak ziren. Behin eskailera mekanikoak igotzen ari nintzen eta gizon bat hurbildu zitzaidan atzealdetik. Txaketaren azpian labanaren forma zuen zerbait zeraman eta esan zidan: «Neska, neska, emaidazu dirua!». Nik diru-zorroa hartu eta 2.000 pezetako bi bilete atera nituen. «Bat zuretzat eta bestea niretzat?» galdetu nion. Biletea hartu eta korrika alde egin zuen. Baina segituan bueltatu zen, eta esan zidan: «Eskerrik asko niri beldurrik ez izateagatik». Beste behin La Farola saltzen zuen emakume batekin topo egin nuen. Diru-zorroa begiratu eta ikusi nuen ez neramala dirurik. «Sentitzen dut, baina ez daramat dirurik eta presa handia daukat». Banindoanean «eskerrik asko» entzun nion esaten. Uste nuen gutxiespen-zentzuan esan zidala. Buelta eman eta esan nion: «Benetan, ez daramat dirurik». «Eskerrik asko begiratu egin didazulako», erantzun zidan. Izugarria da! Mundu bat non eskerrak ematen dizkiozun norbaiti zure beldur ez izateagatik! Mundu bat non norbaiti eskerrak ematen dizkiozun begiratu egin dizulako! Mundu horretan egotea, diferentea izanik, zaila izan daiteke, baina aldi berean aberasgarria ere bada. Ona litzateke guztia begiratzen ikasteko eskola bat sortzea. Errespetu berarekin begiratzeko lantokiko zuzendari orokorrari eta izkinako txiroari. «Baina pobreak edan egiten du» esaten da; bai, zuzendari orokorrak ere bai, baina ez du eskuan brik-a eramaten. «Baina lotsagabe bat da», diote beste batzuek, bada ez dakit nora iritsi behar dugun! Lotsagabeak leku guztietan daude!
Seguruaski aukera asko, asko, galdu ditut. Baina segurtasun asko ere irabazi dut, badakidalako nor naizen. Eta batez ere, ba al dakizu zer irabazi dudan? Beti libre izan naizela, erabat libre. Eta askatasun hori ez du inoiz baldintzatu diru gehiago irabazteak.

Zure seme Santiago Albak dio marxismoak egun nazionalista izan behar duela. Ados al zaude?
Herriek autodeterminatu behar dutela uste dut nik. Nola hitz egingo dugu pertsonen askatasunaz herrietan elkartuta dauden pertsonek ezin badute askatasun hori izan? Beren ahotsa entzuna izan dadin eskubidea dute. Nik independente izateko bokazioa duten herrien askatasunean asko sinesten dut. Eta herri batek bere kontzientziaren sakonean arau propioak, adierazteko era ezberdina eta munduan egoteko modu diferentea izan behar dituela uste badu, aintzat hartu behar da.

Ez balira jolastuko, haurrak hil egingo lirateke, diozunez. Inoiz ez omen genioke jolasteari utzi behar. Zuk jolasten jarraitzen al duzu?
Noski. Ezingo nuke beste era batera bizi. Baina uzten ez diotelako jolastu ezin duen jendeak oso garbi izan behar du bere bizitzaren onena kentzen ari zaizkiola, eta jakin behar du zeinek kentzen dion hori eta zergatik.

Gazteak politikatik aldentzen ari omen dira. Zer egingo zenuke zuk orain gazte bazina?
Uste dut gazte nintzenean egin nuen berdina egingo nukeela. Noski, orduan guretzat dena errazagoa izan zen. Oso ondo genekien zer gertatzen ari zen, diktaduraren aurka geunden. Irizpidea genuen. Gaur egungo gazteek arrazoi asko dituzte erreparoak izateko, politikak eta politikoek huts egin dietelako. Demokraziaz asko hitz egin zaie eta gure demokrazia hau nahiko kaskarra da oraindik.

Zer ikasi behar genuke desikasten?
Dena. Ikasi behar dugu sistema desikasten, jolastu ahal izango den mundu berri bat imaginatu ahal izateko.

Alternatiba demokratikoa bideoaren aditu-txostena
«Aditu-txosten horretaz oso harro sentitzen naiz. Ditxosozko bideoak ez zuela biolentziara bultzatzen frogatzen saiatu nintzen. Zintzotasun handiz egin nuen. Gogoratzen dut Auzitegi Gorenean eginiko deklarazioa oso gogorra izan zela. Oso une txarra igaro nuen eta oso kritikatua izan nintzen.
Aldi berean esan nahi nuke Alderdien Legearen, Batasunaren legez kanporatzearen eta preso politikoen sakabanaketaren aurka nagoela. Eta arazoa modu baketsuan konpontzeko akordioen oso aldekoa naizela».

Dolores ez dago etxean
«Dolores dut benetako izena, baina txikitatik Lolo naiz. Ez zait Dolores izena batere gustatzen, duen esanahiagatik. Horregatik telefonoz deitzen badute Doloresengatik galdezka, ez dagoela esaten diet. Nire seme-alabek ere berdin».

Gizonengandik ikasi
«Gizonekiko estimu handia sentitzen dut eta beraiengandik asko ikasi dut, gizarte maskulinoan hezia izan naizelako eta gizonek idatzitako liburuak irakurri ditudalako. Feminista teorikoa naiz, erradikala ez, ezta gutxiago ere, baina gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna eskatzen dut. Egia esan, pertsona guztien arteko berdintasuna nahi nuke. Orain emakumeek idatzitako liburuak irakurtzea oso gustuko dut eta horietan nirearen antzeko sentsibilitatea aurkitzen dut. Baina ni gizarte maskulinoan hezia naiz eta gizarte horren gauza batzuekin pozik nago; beste batzuekin ez».

Benetan Lolo
«Kosta egin zait, ez bainuen garbi zer kontatu, baina orain ilusioa dut nire memoriak idazteko. Bertan ni benetan nolakoa naizen azaldu nahiko nuke, zeren ni nahiko lotsatia naiz, nahiz eta jendeak ez didan sinesten. Eta horrez gain, bizi izan ditudan pasadizo eta bitxikeria zenbait ere kontatu nahiko nituzke. Adibidez, behin Gabriel Garcia Marquez iturginarekin nahastu nuela».

Jendeak ezkondu egin nahi du
«Ni homosexualen arteko ezkontzen alde egon naiz, baina zertan ari nintzen ohartuta. Azkenean jendeak nahi duena ezkontzea da! Alternatiba sozialen ereduak ezarri beharko lituzketenak azkenean denik eta konbentzionalenak bihurtzen dira! Nire burua aurkitu nuen ezkontza defendatzen; eta horixe da hain zuzen beti defendatu dudanaren aurkakoa! Ezkontza bezalako kontu kontserbadore bat aurrerakoia den zerbait bihurtzea absurdoa iruditzen zait».

Ez dut telebistarik ikusten
«Nik ez dut telebistarik ikusten. Baina ez printzipioengatik, baizik eta ez dagoelako nire gustuko ezer. Teleberriak ikusten ditut, Vaya Semanita batzuetan, eta Aquí no hay quien viva telesaila, oso programa satirikoa eta kritikoa delako. Filmak alokatu egiten ditut, telebistan ematen dituztenak ikaragarri txarrak izan ohi direlako eta hainbesteko publizitatearekin ezinezkoa delako ikustea. Donostian bizitzea zorte handia da zineari lotutako jaialdi ugari egiten direlako hemen eta inguruan».


ASTEKARIA
2005eko urriaren 23a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude