Katalana izan nahi dut


2005eko urriaren 23an

Katalunia nazioa da. "Cridem qui som i que tothom ho escolti" zioen Miquel Marti i Pol poetak: aldarrika dezagun zer garen, eta guztiek entzun dezatela. Horixe egin dute. Nazioaren aldarrikapena eta katalanaren ofizialtasuna -eta ezagutu beharra- dira, ene aburuz, Estatutu berriaren puntu nagusiak. Nazioaren eraikuntza eta antolaketarako oinarriak. Txaparrada ekarriko dutenak, beharbada, baina orubea ondo markatzen dutenak.

Ez dezagun, bada, ahaztu nola bideratu den politika berri hau Katalunian. Pujolismoaren porrotaren ondoren abiatu da, eta porrot hori ezinbesteko baldintza izan da, nonbait, nazio eraikuntzari oinarri berriak jartzeko. Lehenago, pujolismoa posibilismo hutsa baitzen, Madrilen agintean zegoenarekin edonola eta edozein preziotan akordioak bilatzea, norberaren taldearen mesederako beti, hori bai. Ez ahaztu, bidenabar, 1999. urteko azaro hura, eta Pujol urduri bat Gobernu autonomoaren presidentzia galtzeko zorian, Aznar telefonoz deika hau zegoen Kariberaino, eta Aznar harroaren baldintzak: "Gure botoak nahi dituenak lausengatu egin beharko gaitu...". Eta Pujolek esan eta egin: ordura arteko errebindikazioak gorde eta Aznar gobernatzen lagundu, horren truke eta PPren botoei esker Palau San Jordiko eserlekua berrituz, 1999 hartako urriaren 16an, hain zuzen ere. Ordutik aurrera pujolismoaren eta kanariar koalizio bitxi eta lotsagalduaren laguntza osoa izan zuen Aznarrek Madrilen, edozein demasia eginda ere, boto bahitua baitzen bi aliatuona. Kataluniako ezker katalantzaleak egindako aliantza proposamen guztiei ezetz borobila erantzun eta, aldiz, eskuin aznaristarekin bat eginda aritu zen Pujol, harik eta 2000. urtean lehen aldiz ezker hura batzen hasi zen arte, Carod-Maragall lehenik, eta beranduago Saura ere erakarriz. Handik hiru urtera, 2003ko abenduan, ezkerreko aliantza honek hartu zuen Generalitateko Gobernua, pujolismoa bazterreratuz. Garai berria ireki zen orduan Katalunian, eta orain eman dira bide berri horretan lehen urrats sendoak.

Parabola katalanak balio du euskaldunontzat zentzu zabal batean. Hemen pujolismoaren ordezkariak nortzuk liratekeen galdetu nion lehengoan buruzagi jeltzale bati, eta honek, uhin berrikoa nonbait, "izatekotan, Arzalluz bera bere garaian" erantzun zidan. Arzalluzek eman duen azken elkarrizketa publikoaren unea izanda, ulertzekoa agian belaunaldi berriko jeltzale ur gaineko honen erantzun argi eta salatari hau. Bai, egia da Xabier Arzalluz bera izan zela, Aznar lehen aldiz gobernura heltzeko zen unean, honen aldeko lausenguak esan zituena. Baina "Espainian eroso sentitzeko" nahi hura ez zen Arzalluzek deklaratua. Eta orain bertako kosubiranotasuna edo zorioneko formula horrek modu gardenean adierazten du buruzagitza jeltzaleek oso bere duten jokabidea: Madrilen agintean denarekin, edozein dela ere, bitariko bilerak, tratuak eta konponketak lortu, tête a tête, taldearen mesederako baina trukean euskaldun guztion etorkizuna Estatuaren loturapean konprometituz.

Arestian esandakoa zuzena bada, hemen ere ondorio pedagogikoa atera beharko dugu: berton ere ezker euskaltzaleak hartu beharko ditu erabaki berriak eta oihal berria ehundu. Hemen ere bazterrean utzi beharko da, orduan, kosubiranotasuna edo kolaborazio-politika jeltzalea, eta oinarri sendoak jarri nazio eraikuntzari, hortik aurrera ekiteko.

Kataluniako auto-definizio berria ezagutu zenean, enpresari espainiarren buru Jose Maria Cuevasek aldarri egin zuen "aberri txikiak asmatzen" dabiltzanen aurka. "Una patria tan petita que la somio completa", osorik amets daitekeen neurriko aberri txikia maite zuen aldiz Pere Quart poeta katalanak. Amets hori euskaldunona ere izan daiteke, are gutiziatuagoa XXI. mende honen hasieran, aberri handien hondakinek eskaintzen diguten etorkizun lanbroa begien aurrean.


ASTEKARIA
2005eko urriaren 23a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude