argia.eus
INPRIMATU
Berritu ala hil, enpresen patua
2021eko uztailaren 19a
Biltzarrean, nazioarteko adituak bildu dira, negozio eskola onenetako irakasleak eta esperientzia handiko enpresa zuzendariak. Sektore guztietako enpresak elkartu dira, hala nola, industria, zerbitzu profesional, aholkularitza, banku zerbitzu, ofimatika edo telekomunikaziokoak. Biltzarrak ikuspegi erabat praktikoa izan du eta Aitor Cobanera, SPRIko zuzendariaren hitzetan, «garrantzitsuena aukeratutako gaietan enpresek azaldutako esperientzia izan da».

Bertaratu diren enpresa motei dagokionez, Cobanerak azaldu duenez, «enpresa handiak txikiekin konbinatu nahi izan ditugu, batez ere Euskadiko enpresa txikiak, mundu honetan sartzen ausartzen ez diren beste enpresa txikientzat ispilu argiago izango baitira. Helarazi nahi duguna da edozein enpresatan erabil daitezkeela teknologia hauek».

Asiako herrialdeetako deslokalizazio prozesua eta konpetentzia kontuan izanda honakoa da mezua: negozioak edo enpresak sendotzeko berriztapena gero eta gehiago bultzatu behar da. Berrikuntza hau lortzeko irtenbideetako bat enpresetan informazio teknologiak erabiltzea da.


Ardoa Interneten

Informazio teknologiak enpresan txertatu dituen enpresetako bat da Grupo Faustino ardo saltzailea. Faustino taldeak duela urtebete sortu zuen web gunea (www.grupofaustino.es) beraien ardoak inportatzen dituzten bezeroentzat eta banakako erosleentzat. Ricardo Aguiriano, Grupo Faustinoko arduradunak azaldu digun bezala, «alde batetik, gure produktuak promozionatzen ditugu web gunean eta bestetik, informazio gune bilakatu dugu gure ardoa inportatzen duten enpresentzat. Hala, bertan, irudiak ere aurki ditzakete, haien katalogoa sortu dezaten». Izan ere, Grupo Faustinok ekoitzitakoaren %60 esportatzen du. Aurrera begira, ardoaren kluba sortu nahi dute eta baita denda birtuala ere.

Grupo Faustinoren web orriak El Correoren web orri onenaren saria irabazi du eta baita Errioxako web orri onenaren saria ere.


www.xelectia.com

Biltzarrean aurkeztu zen beste adibide bat Xelectia, Bikaintasun Komertzioaren Sarea izan zen. Hiru urteko lanaren ondoren, web guneak bost hilabete besterik ez daramatza martxan. Web gune honetan, batik bat, Bizkaiko eta baita Gipuzkoa eta Arabako zenbait denda txikien eskaintza bildu dute. Liburu denda, altzari eta dekorazio denda, larruzko gauza, bizikletak edo arropa saltzen dutenen berri dugu web gune honetan. Ia dendako produktu guztiak banan bana azaltzen dira dagokien informazioarekin eta argazkiarekin.


Atzean geratzeko arriskua

Euskal Herriko enpresek berrikuntzaren alde apustu egiten dutela ziur dago Aitor Cobanera SPRIko zuzendaria. Hala ere, bere ustez, «ikerketa eta garapena errazago ikus daitekeen zerbait da, baina berrikuntza badirudi hor bueltaka dabilen zerbait dela, eta ideia bikainekin duela zerikusia. Ez da horrela, egiten duzuna beste era batera egitea da, edo behintzat saiatzea, zure produktua merkatuan lehiakorragoa izan dadin». Hala ere, berrikuntza edozein mailatan ezar daitekeela azaldu du Cobanerak, bai produktuari, jendeari, prozesuari zein merkatuari lotuta.

Euskal enpresek badakite berritu egin behar dutela, baina motel badabiltza gero egin beharreko jauziak orduan eta handiagoa izan beharko du. Bestela, batzuetan, enpresaren biziraupena ere jarri daiteke arriskuan.

Cobaneraren ustez, etorkizunari begira «dauden bezala geratzea erabakiko duten enpresak egongo dira, baina hori ez da berdin geratzea, atzean geratzea baizik, beste guztiak aurrera baitoaz. Beraz, gu saiatzen gara enpresei haien sektorean dauden aldaketak jakinarazten, ez daitezen atzean geratu».

Enpresa munduan berrikuntzaren eta sormenaren alorra garatzea denen esku dagoela aitortu du Cobanerak. Hau da, «enpresek barneratuta izan behar dute berrikuntzaren garrantzia, baina administrazioak laguntza eskaini behar du eta kontzientzia sortu».

Alex Rovira, La Buena Suerte liburuaren egileetako bat: «Berrikuntza, teknologia arloan bete-betean sartu da, baina giza arloan ahaztu egin da»
La Buena Suerte liburuaren egileetakoa izateaz gain, ESADE Business School-eko Marketingeko Zuzendaritza departamenduko irakaslea da. Eskola honek enpresetan zuzendaritza lan ardurak dituzten gizon-emakumeak prestatzen ditu.

Zein laguntza mota behar dute enpresek?
Hori enpresaren araberakoa da. Batzuk ikerketa eta garapen alorrean laguntza behar dute atzean geratu direlako, beste batzuek giza baliabideetan irizpideak behar dituzte. Baina, batez ere, denek behar dutena etorkizun-sena da eta norbanakoaren gaitasuna lantzeko tresnak behar dituzte.

Teknologia berriak nahikoa sartu al dira enpresetan?
Asko hobetu da, baina asko dago egiteko. Berrikuntza teknologia arloan bete-betean sartu da, baina giza arloan ahaztu egin da.

Teknologia berriekin lanean ari diren enpresen etorkizuna nolakoa izango da?
Enpresa bakoitzak bere aukera egiten du. Aukeratzeak arrisku batzuk dakartza eta arriskurik hartzen ez duenak ez du inoiz arrakastarik lortuko, hori argi dago.
Bestetik, bitxia da ikustea nola teknologia berrietan sartuko zirenik uste ez zenuen enpresak alor horretan sartzen ikustea. Denbora asko galtzen dugu beldurragatik eta nagikeriagatik. Gure helburua ikerketa, sen ona eta ondo eta maitasunez garatzen diren ideiekin baino ez dugu lortuko.

Interneti esker, erosketa guztiak etxetik egitera helduko garela pentsatu behar al dugu?
Ez. Horrek aukera gehiago irekitzen dizkigu, besterik ez. Aldaketa asko ekarriko ditu sistema berri horrek eta haietara egokitzen ikasi beharko dugu. Teknologia berriek edukiak eta zerbitzuak eskaintzen dizkigute batez ere, baina produktua aurrez aurre ikusi, ukitu, usaindu eta sentitu nahiko dugu oraindik.