Amerika, Amerika

Joan den hilabetean Katrina urakana izar mediatiko nagusia izan genuen mundu osoko komunikabide guztietan, honen inguruan eginiko gogoeta, ekarpen eta interpretazioak mota askotarikoak izan dira. Niri, kasu honetan, nire haurtzaroko marrazki bizidunetako abestitxo bat etorri zait burura, Willy Fogen ateratzen zena eta "Amerika, Amerika" -marrazki bizidun hauetan Amerikako Estatu Batuei (AEB) buruz dihardute- izenekoa. Bertan Iparramerikako dohainei buruzko laudorioa egiten zen, bere edertasuna eta ametsen lurraldea zela goraipatzen zelarik. Abesti honen hitzak gogora etorri zaizkit George Bush presidenteak Katrinari buruz esandakoak entzun ostean -gauza asko esan ditu, baina beno, ni esaldi bakar batean zentratuko naiz...-. Izan ere, bere hitzak erabiliz, urakanak agerian utzi du orain arte AEBetan ezkutatuta eta erabat ezezaguna zen pobrezia. Eta noski, hau entzun bezain laster artikulu hau idazteko gogoak piztu zaizkit bat-batean.

Benetan ezezaguna al da pobrezia AEBetan? Gauza berria al da? Eta zeinentzat berria? Beste hainbatetan bezala, Bush jaunak beste mundu propio eta marabillosoan bizi dela azaldu digu. Izan ere, AEBetako egoera sozialaren berri, batek baino gehiagok badu eta ez da gauza berria inondik inora. Argi dago Katrinak pobrezia agerian utzi duela eta gordin-gordinik erakutsi dizkigula oso irudi bortitzak. Baina agertu zaiguna AEBetako errealitateetako bat da, ez gehiago, ez gutxiago. Era honetan, Hollywood eta Syllicon Valley-rekin batera New Orleans edo Harlem ere badaude eta ikusi nahi ez duenak itsuarena baino ez du egiten. Zenbait estatutan pobrezia %20 inguru kokatzen da -Louisiana, horien artean- eta lurralde honetan ematen diren ezberdintasun ekonomikoak izugarriak dira: Disney enpresako zuzendariak, adibidez, Orlandoko Disneyworld-eko 4.000 lorazainek batera bezainbeste irabazten du; "torero ilustratu" bati kopiatuz, bi hitzetan esanda "ikaragarria"...

Zentzu honetan, argi dago AEBetan nagusia den ikuspegi neoliberalak eragin izugarria duela, eta ezin da ahaztu hartutako erabaki politiko garrantzitsuenak ideologia honetan sostengatzen direla. Horrela bada, Estatua behartsuenez ahaztu egin da, baina ahanzte honek ez du esan nahi desagertzen direnik, ezta urrik ere. Hona hemen datu bat: aurreko mende bukaeran 40 miloi pertsonek ez zuten inongo osasun segururik AEBetan, baina gaixotu, gaixotu egiten dira, aberatsak baino gehiago... Nahiz eta Bush jaunak pobreak ikusi urakanak agertzen direnean bakarrik, pobreak hor daude urte osoan zehar, aterbe-etxetan, metroko geltokietan edota kale gorrian. Honi, buruz ere, Katrinak erakutsi digu pobreziak kolore jakin bat baduela AEBetan, eta hori afro-amerikarrena dela. Telebistan agertutako zenbait irudik, esaerak esaten duen bezala, mila hitzek baino indar handiagoa dute. Honen inguruan, hona hemen adibide bat, batzuentzat sinesgaitza izango da datu hau, baina benetakoa da: Nueva York hiriko Harlem auzoan, esaterako, gizonezko afroamerikar baten bizi esperantza 54 urtekoa da, Bangla Desh-en bezala...

Katrinak erakutsi dio Bush jaunari pobrezia bere lurraldean badela, hori agerikoa izan da, baina "amerikar amets" honen aurrean zer edo zer egingo al du? Ez dut uste, eta ez dut uste arrazoi batengatik: «amerikar ametsa» emateko «amerikar zorigaiztoa» ere beharrezkoa delako. Neoliberalismoak zatiketa eta bazterketa soziala bultzatzen du eta datu makroekonomiko onak -hau ere eztabaidatu daiteke, baina hori hurrengo baterako utziko dugu- izateko gizarte gaixo bat edukitzea da ordaina. Hauxe al da hain zoragarria eta kopiatu behar den eredua? Europako Konstituzioaren eztabaidan hain modan izan den kontzeptuen jokoa jarraiki, "Europa zaharrarekin" gelditzen naiz, eta zuek?


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude