Net Hurbil: Monsanto Jainkoari txerriaren patentea ostu nahian

  • Joan den abuztuan Greenpeace erakundeak adi egoteko moduko albistea eman dio munduari: Monsanto korporazioak izaki bizidun bati patente eskubidea ezarri nahi diola, berriro. Oraingoan, txerria patentatu nahi du. Ez da txistea, munduko janariak kontrolatzeko urrats berria baizik.


Paul Harris idazle kanadarra da, besteren artean Axis of Logic kazeta elektronikoan idazten duena. Komunikabide honek helburu hau aitortzen du: «Ohartu gara analista eta idazle bikain ugarik zailtasunak dituztela beren lanak komunikabide publikoetan plazaratzeko. Idazle berri eta argitaratu gabeei gonbidapena egiten diegu guri beren idatziak bidaltzeko, eta gure erabakiak hiru irizpideotan oinarritzen dira: 1) Informazio berria. 2) Jadanik badagoen informazioari buruzko burubide freskoa. 3) Idazkeraren kalitatea eta estilo literarioa».

Paul Harrisek nazioarteari eta ingurumenari buruzko gai nagusiez idazten du. Joan den abuztuan «Patenting a pig» (Txerri bat patentatzen) titulua daramana argitaratu zuen. Horrelako albistea normalean komunikabideetako aipamen laburretan ipintzen da, behin edo behin zientziari lotutako espazio zabalagoan lantzen, eta askotan umore ataleraino iristen. Gaiak badu ordea mamia. Zein garrantzizkoa den irakurleak uler dezan, Harrisek antzeko arazo batekin Kanadako laborari bati gertatua kontatu du.

2004an Percy Schmeiser izeneko baserritar batek auzia galdu zuen Kanadan Monsanto multinazionalaren kontra Auzitegi Gorenean. Nekazariaren buruhausteak 1997an hasi ziren. Schmeiser «canola» edo koltza erein eta biltzetik bizi da, Kanadako beste asko bezala; eta gero olioa, margarina eta abarretan erabiltzeko saltzen du. Urte hartan ohartu zen herbizidak bota eta landare batzuek berde segitzen zutela. Zergatik? Ondoko soroan beste baserritar batek Monsanto-ren koltza transgenikoa zeukan egina, eta haren polenak kutsatutako landareak ziren. Baina Schmeiserrek lasai segitu zuen betiko bidean: uzta bildu, hazi sorta bat berriro ereiteko gorde, beste kopuru bat inguruetan saldu ereiteko...

Hurrengo urtean Monsantok auzitara eraman zuen gure baserritarra. Salatu zuen bere hazi transgenikoa lizentziarik gabe erein eta gainera saldu ere egiten zuela, patente eskubideak urratuz. Auzitegietako bide luzean pertsegitu zuen Monsantok baserritarra eta iaz Auzitegian irabazi zuen betiko, epaileen artean bozketa 5-4 izan zelarik. Harrisek dioenez, «honela irabazi zuen Monsantok bizia patentatzeko eskubidea, beretzako eta beste korporazioentzako». Schmeiser laborariak defendatzen zuen argudio nagusia xinplea baitzen: bizia ezin dela patentatu... eta galdu egin zuen.

Auzitan ikusi zen Schmeiser berez Monsantoren biktima dela, berak nahi gabe eta baimenik eman gabe multinazionalaren hazietatik ernetako landareen polenak kutsatu baitzituen bereak. Bestalde, gure gizonak ez zion horri etekinik atera, berak multinazionalaren herbizida famatua («Roundup», gure artean ere usu erabilia den pozoia) ez baitu usatzen. Eta hala ere galdu.

Genetikoki Eraldatutako Organismoen (GEO) eragina normalean zientziaren eta ekologiaren ikuspegitik aztertzen da sarri. Aldiz, izaera ekonomiko eta estrategiko nabarmena daukate. «Jaten dugun edozer kontrolatzeko ahaleginean ari dira» idatzi du Harrisek. Horren beste adibide bat «terminator» teknologiaz egindako haziak dira: multinazionalak baserritarrari saltzen dizkio haziak, hauek uzta emango dute, baina haziak antzuak direnez... hurrengo ereinaldirako, berriro korporazioari erosi beharko dio. Hazi hauek naturan dituzten geneen arteko bakar bat aldatuta izatea nahikoa dute multinazionalek patentea eduki ahal izateko.

Landareekin lortzen ari den arrakastak harrotuta, orain gauza bera egitea erabaki bide du Monsantok. Eta bere Monsanto Txerria patentatu berri du 160 herrialdetarako. Suitzako Genevan aurkeztu zituen horretarako agiriak joan den otsailean Jabego Intelektualaren Munduko Erakundean.
 

 

 

Landareak, animaliak...

 

 

 

Txerriaren patente honek WO 2005/017204 zenbakia darama eta bertan oso modu orokorrean deskribatzen dira urdeak hautatu eta ugaltzeko metodoak, intseminazio artifizialez selekzionatzekoa, eta beste. Paul Harrisen hitzetan, jadanik munduan zabalduta dauden metodo ezagunak dira. «Monsantok æasmatu duenaÆ da osagai horiek modu berezian konbinatzea, animalien ugalketa ziklo azkarragoa lortzen dutela argudiatuz, eta beraz horretan badagoela etekin komertziala. Greenpeacek salatu duenez, Monsantok metodo æberriakÆ patentatzeaz gain, metodo horiekin sortu diren txerriak ere patentatu nahi ditu».

WO 2005/017204 patentearen beste atal batean Monsantok aipatzen ditu gene zehatz batzuekin zerikusia duten zerriak, azkarrago hazten direnak. Gene sekuentzia horiek sagu eta gizakietan aurkitu ziren eta ezagunak dira. Monsantok ez ditu asmatu, baina patentatu egin nahi ditu gene sekuentzia horiek ere.

Ororen buru, Genevan Monsantok egin duen patente eskaria onartuko balitzaio, txerriak dituzten abeltzainek hiru aukera edukiko lituzkete aurrerantzean: edo txerriak hazi eta ugaltzeko metodo horiek (bere patentean multinazionalak modu orokor batean aipatzen dituenak) ez erabili gehiago, edo trukean Monsantori royaltiak pagatu... edo presondegira joan!

Bere buletinean Greenpeace erakundeak honela irudikatu du denborarekin nola antolatuko litzatekeen -multinazionalaren ahalegina aurrera aterako balitz- korporazio handiei lotuta lan egiten duten abeltzainen txerriak hazteko produkzio eskema: «Monsantok gene sekuentzia horren ikerketa erabili nahi du txerri multzoak aztertzeko, eta horien artean aurkitu jaten duten pentsu kiloko haragi gehien ematen duten zerriak. Horrela hautatutakoak Monsanto markako ingeniaritza genetikoz lortutako txerriak izango dira, genetikoki eraldatutako Monsanto markako janariz elikatuko dituzte, elikadura hori egiteko genetikoki eraldatutako Monsanto markako haziak erabiliko dira, Monsanto markako Roundup Ready herbizidaz eta Monsanto markako pestizidaz blai egindako soroetan bilduko direnak».

Hau da dirudienez multinazional horrek animalien erreinuaren jabe egiteko asmoz eman duen lehenengo urratsa. Aurretik patenteetan erabilitako antzeko hizkerarekin oso bortizki saiatu dira munduko aleen eta gainerako landare uzten jabe egiten. Konpainiak lehen dirua agrokimikarekin irabazten zuen; baina azken urteotan gogor aritu dira hazi konpainiak erosten, azken hamarkadan 10.000 milioi dolar baino gehiago inbertitu ditu erosketa horietan. Gaur egun hazi patentatuen katalogo zabala daukate, gehienbat Genetikoki Eraldatutako Organismoaz osatua.

Ahalegin horretan Monsanto iritsi zen Indian betidanik erabiltzen zen betiko gariaren eta Txinako sojaren patenteak aldarrikatzera. Horietan lortu nahi zuen ez bakarrik alea patentatzea, baizik eta patentearen baldintzekin landareak bereganatzea eta beren erabilera guztiak. Bistakoa denez, helburua janari ziklo osoa bereganatzea du multinazional horrek. Honela bukatu du bere salaketa Greenpeacek: «Honek guztiak kezkatu egin beharko gintuzke: historian zehar janarien kontrol zentralizatua kontrol sozial eta politikoaren osagaia izan baita». Guzti honetaz zer ote dio zeru eta lurren Jainkoak?

 

 

www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Elikadura burujabetza
1.300 urtez, elkarrekin lurra landu eta bizi

Gaubea haranean, Tobillas herriaren alboan, Serna deitzen dioten nekazaritzarako lursail bat dago. Baina ez da baratze soil bat: historiak eta arkeologiak diote 1.300 urteko bizia duela eremu horrek. Herritarren langintza kolektibo baten emaitza izateaz gain, parada ematen du... [+]


2024-03-03 | Garazi Zabaleta
Azokoop
Pirinioetako Artzibarren lan eta bizi: hurbileko kontsumorako denda eta proiektua

Artzibarko Urdirotz herrian, Nafarroako Pirinioetan, proiektu berri batek zabaldu ditu ateak otsailaren 24an. "Azoka-Denda" deitu diote Txabi Bados Ruizek eta Rita Perandrés Martínezek haien etxe azpian ireki duten dendatxoari. Azokoop mikrokooperatibaren... [+]


Bultzatu den elikadura politikaren ondorioak:
Nekazariak kaleetan eta gurasoak haurrekin plazetan protestan

Nekazariak protestan ari dira, baina eredu agroindustrialak hartu du lidergoa. "Itun Berdea" ere, Europar Batasunaren hurrengo hamarkadako estrategia nagusia zena, pikutara bota dezakete, begirik kliskatu gabe. Bitartean, euskal eskoletan zorriak eta harrak... [+]


2024-02-29 | Estitxu Eizagirre
Nola elikatu hiriak?
Hiriko parkeetan zergatik ez fruta arbolak eta barazkiak landu zuzenean biztanleentzat?

Hiriak nola elikatu? Horra Egonarria saioan Eli Pagolak Audrey Hoc laborariari luzatu dion galdera. Hoc-ek, bere lagun Aimar Rodriguezekin batera, fruitu arbolak ekoizten ditu, Etxalarren baso jangarria dauka eta Biriatuko udalarekin elikadura burujabetzaren estrategia martxan... [+]


2024-02-26 | Garazi Zabaleta
Agharas elkartea
Kulturarteko ortua, Barakaldoko Gurutzeta auzoan

Amazigh gazteek sortutako elkartea da Agharas, eta urteak daramatza kulturartekotasuna lantzen Barakaldo inguruan. Duela lau bat urtetik, kalean bizi diren gazteei astean hirutan afariak ematen dizkiete, eta harrera pisu bat ere badute martxan, aldi baterako erabiltzeko... [+]


Eguneraketa berriak daude