Aitortu behar zaio bere ibilbidea Nazio Eztabaidaguneari, batez ere 2003ko uztailean abian jarri zenean ez zegoelako ekimen berriak izan zezakeen ibilbideari buruzko baikortasun handiegirik. ETArentzat prestatutako lurreratze pistatzat ere hartu izan zen, soka motzean lotua zegoela, beste bat gehiago zela... eta antzeko balorazio asko entzun eta irakurri ziren. Bi urte geroago bere saio esanguratsuenetakoa egin du Zarautzen eta jadanik beren kabuz doazen gatazkarako mahai bat eta nazio hitzarmen bat ere abiarazi ditu. Gaur gaurkoz, eta Nazio Plan eta gisako hausnarketei garrantzirik kendu gura barik, behar bada euskal nazioan sinesten duten askoren artean izan dezakeen bilgune funtzioa azpimarratu beharko litzateke. Pozik dira antolatzaileak, baina beren mugez jakitun ere bai, beraiek aitortu duten moduan, ezin baitute parlamentu baten lana aurrera eraman. Nazio kontzeptuaren errealitatea pil-pilean dagoenean, euskal nazioaz jarduteko eta hausnartzeko ahalegin zabal guztiak ongi etorriak beharko lukete.