argia.eus
INPRIMATU
Zer da: Arcelor
Daniel Udalaitz 2005eko urriaren 09a

Siderurgiako multinazional bat da, Europako hiru enpresa hauek elkartuta sortua: Espainiako Estatuko Aceralia, Luxenburgoko Arbed eta Frantziako Estatuko Usinor. Multinazional gisa, 2002ko otsailaren 18an eratu zen, eta data horretan hasi zen Europako burtsetan kotizatzen. Aceralia bera, beste bi enpresa hauen batura da: euskal siderurgiako behialako AHV eta Asturiasko Ensidesa, zein gero, Corporación Siderúrgica (CISen) taldean integratu baitziren. Horregatik, Arcelorren integratuak daude, halaber, Euskal Herriko hainbat lekutako, bereziki Nafarroako eta Bizkaiko, beste enpresa batzuk, 5.000 lagun inguru biltzen dituztenak. Multinazional horretan, produktu lauak, luzeak, altzairu herdoilgaitzak eta abar fabrikatzen dituzte, eta automobilgintzan, eraikuntzan, etxetresna elektrikoen eta enbase-enbalajeen arloetan... merkaturatzen dituzte. Azken hilabete hauetan, Brasilen kontrolatzen zituen hiru sozietateak fusionatu eta gero, Brasilgo eta Hego Amerikako operadore siderurgiko handiena bilakatu da. 2004. urtean, 30.000 milioi euro fakturatu zituen eta 47 milioi tona-altzairu produzitu. Irabazi garbian, 2.314 bat milioi eurora heldu zen. 95.000 laguneko plantilla dauka, 60 herrialde eta gehiagotan banatuta; besteak beste, Euskal Herrian.