... entrenatzen ez duzulako" errepikatzen zion, gaztetan izan genuen entrenatzaile batek edozeini, guztion aurrean irrigarri utzi nahi zuenean. Gustukoa zuen irain hura, bere burua denen gainetik sentitzen laguntzen baitzion. Askotan etortzen zait gogora gizon hura, inoiz talde txukun bat lortzeke erretiratu behar izan zuena. Izan ere, beste taldetako jokalariak maite zituen ikaragarri, eta urtero berera ekarri bitartean han ibiliko zen haien ondotik zeruak eskainiz linboan bizi zenak, nahi zituen jokalariak bereganatu ondoan, gutxira, iraintzen eta mesprezatzen hasiko zena. Gaur topatu dut kalean. Ezagutu nau. Zahartua ikusi dut, noski. Ni, gazte aurkitu nauela esan dit. Bista ere galdu duenaren seinale. Kotxea ibiltzeko gauza ez dena, Formula 1eko aditua dugu orain, Fernando Alonsoren ezaugarriak adierazteko ausardiaz mintzo dena. Bere gustuko esaldi harekin erantzun diot. Irri egin du ergelak, berarentzat balioko ez balu bezala. Asperturik omen dauka futbolak, orain monoplazek berotzen omen dute. Ez duela horien telebistako lasterketarik galtzen esan dit. Ba omen du kart ttikietan maisu den bilobarik, aitona bezain zozoa ez izateko entrenatzen dabilena, honen sosaz konduzitzeko baimena behintzat izanen duena. Hobera egiten goazenaren seinale.