argia.eus
INPRIMATU
Timitar musika jaialdia, kulturen gertutasuna
Arantxa Urbe 2021eko uztailaren 28a
Timitar hitzak zeinua esan nahi du tamazighera-z. Hizkera hori da hain zuzen ere Amazigh herriaren hizkuntza, eta tifinagh bere idazkera; egun, Tuareg-ek bakarrik gordetzen dutena.

Timitar musika jaialdia uztailaren 2tik 9ra egin zen Agadiren, Marokon. Bertan, zortzi egunez, amazigh, marokoar eta munduko beste hainbat herrialdetako musika talde aritu ziren: guztira 47 talde, Euskal Herria barne, Kepa Junkerak ordezkaturik.

Timitar bertatik bertara ezagutzeko aukera izan nuen, adiskide on batek emandako aukerari esker. Eta han ikusi eta entzun nituenak zer pentsatua franko eman didate.

Zer dakigu Afrikari buruz? Jende gehienak komunikabideek kontatzen digutena, soilik. Eta komunikabideek Afrikari buruz gerra, HIESA, gosea, izurriteak, lehorteak, bizitza hobeago baten itxaropenaren itsasoan itotzen diren paterak erakusten dizkigute. Antza, Afrikan ez da ezer gehiago gertatzen; ez gauza onik, behintzat.

Amazigh herriari buruz ez dira jardun ere egiten. Atera kontuak, beraz, komunikabideetan agertzen ez dena ez bada existitu ere egiten!

Lurralderik ez duen Afrika iparraldeko etnia zaharra da. Marokon, populazioaren %30 osatzen dute. Agadir dute hiriburutzat, biztanleen gehiengoa amazigh baita.

Zenbait ikerlari aztertzen ari dira euskaldunon eta amazighen arteko antzekotasunak, euskarak eta tamazigherak kideko zenbait hitz baitauzkate, beste mailako hainbat parekotasunez gain. Erromatarrek berbere izendatu zituzten, barbaroak esan nahi du. Eta horra hor beste berdintasuna: euskaldunoi Pirinioen alde banatan kanta eta dantza egiten duten barbaroak lez izendatu baikintuzten!

Hari askotatik tira egin geniezaioke gaiari. Baina bati tira egin nahi nioke bereziki.

Musika asko eta oso ezberdina entzun ahal izan nuen Timitar jaialdian; entzuleak hunkiarazten zituen amazigh musika, tradizionala eta joera berrietara egokitua; Afrikako beste herrialdeetakoa eta munduko hainbat lekutakoa; amazigh gazteak ikusi nituen Hip-Hopa egiten txilabaz jantzirik.

Eta otu zitzaidan gazte haien eta musikari haien ahaleginak ez direla Euskal Herrian edo Europako beste edozein herrialdetan egiten direnetatik hain desberdinak. Beraz, sorkuntza baldin badago, taldeak baldin badaude eta bitarteko teknikoak baldin badituzte, zergatik ezagutzen ditugu hain gutxi?

Musikak gero eta presentzia handiagoa du gure bizitzan. Baina zein motako musika entzuten edota kontsumitzen dugu? Anglosaxoniarrez eta gazteleraz egiten dena -espainola, hegoamerikarra…- batik bat, eta nagusiki. Norbaitek lauzpabost musikari anglosaxoi edo espainol izendatzeko eskatuko baligu, zailtasun handiegirik gabe egingo genuke. Baina gai ote ginateke afrikarrak izendatzeko, adibidez?

Laburbilduz, komunikabideak gure hezitzaile garrantzitsu bilakatu dira. Eta horrek, askotan esaten didazun hori ekarri dit gogora: gu, gehienetan, EITB irratiarekin komunikatzen gara; kilometroak egitea egokitzen denean, batik bat. Denbora-pasa kalkuluak egiten aritzen zara: "seitik bat euskalduna" ondorioztatu zenuen lehengoan, "eta gainerakoak ingelesez edo gazteleraz, badirudi munduan ez dagoela beste musikarik!", gaineratu zenuen.

Orain esan diezazuket baietz, badagoela; eta kalitatekoa, gainera.

Hauxe da gure errealitatea, EITBko salbuespen aipagarri gutxi batzuk salbu. Eta hortik hezten ari gara, eta horra begira ipini gaituzte, munduaren herri gehiengoak gure bizkar, ahaztuta, uzten ditugun bitartean: globalizazioaren izenean, munduko zeinu gehienak ezabatuz goazelarik.

Benetan ohartzen ote gara galtzen ari garen aberastasunaz?