argia.eus
INPRIMATU
CiU eta «euskal foralismo anakronikoa» (Bero-beroan)
2021eko uztailaren 20a
CiUren finantzazio eredua dela eta, askok -sozialistek batez ere-, CiUren baitako kontraesan gisa ikusi dute «foralitate anakronikoetan» oinarritutako eredua proposatzea. Bataila dialektiko honen pasartea bizi zen duela bi asteko El Pais-en eta SER irrati katean. CiUk eredu horrek Konstituzioa urratzen duela badakiela argudiatzen zuen kazetariak hilaren 18ko artikulu batean; eta bere argudioak sendotzearren, Miguel Herrero de Miñonen Derechos Históricos y Constitución liburua aipatu zuen, eta bertan agertzen zen Jordi Pujolen hitzaldi bat, 1987an Kataluniako Legebiltzarrean egindakoa. Pujolek, funtsean, Gernikako Estatutua «foralitate anakronikoan» oinarritzen zela zioen eta hori ez zela katalanen eredua. Hilaren 19ko SER-eko arratsaldeko tertulian gaia atera zuen berriz moderatzaileak, egunkariko artikuluan oinarrituta, baina Miguel Herrero de Miñon tertuliakideak berehala jarri zuen bere lekuan: «Bai, bere garaian hori esan zuen Pujolek, baina gero behin baino gehiagotan aipatu du 1987ko diskurtso hartan erratu zela eta ez datorrela bat ordukoarekin». Herrero de Miñonen hitzak uhinek eraman zituzten, urruti gainera; paperekoa, aldiz, hor da eta iruzkin ugaritan agertzen ari da.