Irlandako azken gertakariak ezin ditzakegu arautzat hartu, oso egoera desberdinean garelako. Baina irakaspenak badituzte. Lehena, gatazka gogorrenetan ere etsai amorratuak bildu daitezkeela; bigarrena, negoziaketek bideratu su-etena ez dela behin-betiko bake iraunkorra. Aterabiderik gabeko kinkan etsaiak bildu dira eta konfliktoaren atal bortitzena isildu dute. Hortik aurrera, konfliktoak beste jokamoldez jarraitzen du.
Ezker abertzaleen ikuspegitik, zinezko bakea lortuko da gure herriari ukatu eskubideak onartuko zaizkionean. Independentzia, batasuna, hizkuntza... Ikusmolde honi gaineratu zitzaion bake soziala erdiesteko iraultza, pertsonen gaineko hustiakuntza ezabatuko duena. Balore horiek zutik diraute askorengan, neurengan barru, baina indar harremanen analisia eginez motelenak ere ulertzen du garaipen orokorra ez dela biharko. Azken helburuen alde borrokatzeak zentzua badu ere, helburu horiek ezin daitezke oraingo negoziaketen edukia izan.
Negoziaketa orain edo laster egiten bada, gatazkaren atal eramangaitzenak bukatzeko eta borroka beste giro batetan jarraitzeko izanen da. Estatuak onartu behar du hemengo gatazkak irtenbide politikoa behar duela. Halaber, ETAko militanteekin politikoekin bezala tratatu beharko duela, errespetuarekin. Egia esan, boterean direnen jarrerak bikoitzak dira: PSOEk badauka interesa euskal borroka armatuari irtenbidea emateko, baina denbora berean errepresioaren erantzule nagusienetarikoa da; EAJk pozik bereganatuko luke bake-egilearen domina, baina hark sortu Ertzantza polizia errepresiboa da, ekimen errupturisten etsai identifikatua. Negoziatzeak esan nahi du etsaiekin negoziatzea, bikoiztasun horren barnean.
ETAk ere onartu beharko luke duela hogei -hogeita hamar...- urte asmatu estrategia ez zela errealista. Negoziaketa garaipenaren bidean ezartzen zen: etsaia ongi kolpatuz, izenpetuko zuen ituna guztiz gure aldekoa izanen zen. Hogei urte hauetan fruiturik eman ez duen estrategiak ez du biharko garaipena ekarriko. Ez da pentsatu behar ETAk diseinatutako prozesuan etsaiek jokatuko dutela ETAk nahi bezala.
Orain, beste modu batez jo behar da. Hasteko, negoziaketaren aurre-baldintzak kenduz. Helburu lehena parteak biltzea da. Krisiari irtenbidea emateko, estatuak ETArekin negoziaketa politikoa hasteko prest dela jakinarazi beharko luke eta ETAk egitezko su-etena hasi, aitortua edo ez. Behar diren bitartekariak erabiliz, ETA eta Gobernuaren arteko bilkuren hasiera posiblea izanen da. Negoziaketak behar duen oinarri soziala, espainolismoari kontrapuntu politiko garrantzitsuena, Euskadiko alderdi abertzale eta progresisten bermea izanen da, jendartearen aurrean jarrera tinko hartuz negoziaketen alde. Bistan dena, jarrera bateratu hori ezin gauzatua da borroka zibilaren aldeko deiek eta praktikek egunean-egunean jarraitzen ez badute.
ETArentzat garai historiko baten bukaera dator, talde klandestino armatua ezker abertzalearen aitzindaria izandako denboraren bukaera. Azken helburuen aldeko borrokak beste modu batez jarraituko du, jendarte zibilean ibiltzen direnen eskuetan eta armatuak izanen ez diren alorretan. Talde armatuaren itzaltzea ez da errendizioa izango, ez eta sistemaren onartzea. Estatuaren aldetik, preso eta exiliatuen askatasuna oinarrizko baldintza da eta honekin batera, errepresioari lotuak diren praktika eta legeen garbiketa.
Ondoan, Euskal Herrian lortu akordio politikoek izanen dute munta handiena. Bizi garen egoeran, ezin pentsa daiteke ETAko militarren eta botere faktikoen artean erabakitakoa konplituko dutela gero alderdiek eta herriak. Indar poliziako espainolen kanporaketa posiblea da Euskadiko exekutiboak fermuki jokatzen badu. Nafarroa eta Euskadi batzeko, bi eskualdeetako biztanleen akordio esplizitua behar da eta Nafarroan sozialistek daukate giltza. Autodeterminazioaren eskubideak Espainiako Konstituzioaren egokitzea suposatzen du, epe luzerako gauza da, baina Euskal Herrian berma daitezke haren aldeko jarrera garbiak.
Errealismoaren izenean eta irtenbiderik gabeko egoera gainditzeko, eszenatoki posible bat badugu. ETAk PSOErekin bildu beharko luke, aitortu edo aitortu gabeko su-etena hasita; ENAM, bil dadin EAJ, EA, eta EBrekin kaleko giroa baretuz geroz.
Estatuaren partaideak negoziaketan hasteko aski zolituak direla uste dut, baina ez ETAk diseinatu prozesu batean amore emateko haina. Bestalde, ETA guztiz suntsitzeko ez dira gai. Biek beharko lukete sena konpromiso batera heltzeko, edo bestela zulo honetan badugu beste hamaika urterako.
* Artikulu honek badu akats handi bat: duela 10 urte (1995eko irailaren 3an) argitaratu zela (luzeagoa) «Euskaldunon Egunkaria»n. Eta honekin, bigarren bat, handiena: den-dena nahikunde hutsala dela, eta, zaurian piko, dioen egia bakarra azken paragrafoan egon litekeela.