argia.eus
INPRIMATU
ELAren astindua (Bero-beroan)
2005eko irailaren 25
Negoziazioaren unean uneko sokaren gainean dagoenak zailago du etorkizuna patxadaz begiratzea eta ez du gutxi negoziazioaz egoki arduratzearekin. ELAk ez du ardura zuzen eta zehatzik alderdiek gidatzen duten elkarrizketa prozesuan eta horrek ahalbideratzen dio indar burujabezaleek epe labur eta ertainera egin beharreko lanaz hausnartzera. ELA sindikatu indartsua da eta bere indarrak eragina du euskal gizartearen norabidean, zenbaterainokoa den esatea zaila bada ere. Politikagintzatik at nahiko lukete askok, baina horrek ez du logikarik, politikaren definizioa alderdien eremu murritzera mugatu nahi izan ezik behintzat. Bake prozesuak arrakastaz bukatuko balu ere, funtsean proiektu politiko desberdinak gauzatu ahal izateari atea irekitzean oinarrituko litzateke. Eta mamian, ELAk dio burujabezaleek une hori gaurdanik hasi behar dutela lantzen, konfrontazio demokratikoa ezinbestekoa ikusten baitu.