Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles, S.A. (CAF) Gipuzkoako enpresak Beasainen dauka egoitza soziala eta enpresaren kapitala honela dago banatua: %21etik gora langileek (akziodun nagusiak dira), %45,71 aurrezki kutxek (Kutxak %20,71, BBK-k %20 eta Vitalek %5) eta %11tik gora Bestinverrek. Liderra da nazioartean burdinbideetako sistemetarako ekipamenduak eta osagaiak diseinatzen, fabrikatzen, mantentzen eta hornitzen, eta 3.700 lagun inguruko plantilla dauka. 1860. urtean sortutako Fábrica de Hierros San Martin enpresa du jatorri eta Compañía Auxiliar de Ferrocarriles (CAF) izena hartu zuen 1917an. CAF hasieratik hedatu zen izugarri eta gaur egun, produkzioko lau zentro dauzka munduan: Beasainen, Zaragozan, Iranen eta Elviran (Estatu Batuak). Esportazio handiko enpresa denez gero (produkzioaren %65 baino gehiago), CAFek munduko herrialde askotan dauzka produkzioko eta muntadurako plantak. Muntadura eta mantenua Sacramenton, (Kalifornia, AEB); mantenua soilik, berriz, Mexiko DFn (Mexiko), Sao Paulon (Brasil), Buenos Airesen (Argentina), Lisboan (Portugal) eta Londresen (Ingalaterra). Besteak beste, Madril-Sevilla eta Madril-Bartzelona AVE trenak fabrikatu ditu, eta orobat Hong-Kongerako, Londreserako eta Estatu Batuetarako eta beste hainbat lekutarako trenak. 2004an fabrikatu zuen abiadura handiko trenen barruan, zabalera bariableko eta bitentsioko lehenbiziko trena.