argia.eus
INPRIMATU
Osasuna: Oporren osteko sindromea: egia ala gezurra?
Jabier Agirre 2005eko irailaren 18a

Prebentziorako Erakundeen Elkarteak (ANEPA izenekoak) prentsa-ohar baten bidez jakinarazi duenez, langileen %35ek oporren osteko sindromea bezala ezagutzen den gaitzaren sintomak jasaten omen dituzte, bere mailarik larrienean.
Patologia horretaz asko hitz egin da azken urteotan. Udako oporraldiak amaitu ondoren, pertsonak bere lanpostura edota urtearen gainerako hilabeteetan egin ohi dituen eguneroko prozesuetara itzuli behar duenean agertzen diren sintomak biltzen dira izen horren azpian: ahultasun orokorra, astenia edo nekea, apetitu-galera, somnolentzia edo logura, eta lan-orduetan kontzentratu ezina.
Consuelo Rico psikologoak esan bezala, "lanera itzultzeak egonezina dakar, eta horrekin batera antsietatea eta depresioa". Horrek lokartzeko zailtasuna ekarriko du, edota suminkortasuna. Psikologoaren ustez horiek lirateke sintomarik normalenak, oro har, baina muturreko kasuetan erreakzio psikosomatikoak ere ager daitezke: buruko minak, palpitazioak, eta abar. Dena den, adituak egoera desdramatizatzearen aldeko jarrera erakutsi zuen, gizartean alarmarik sor ez dadin.
Egoera hori ez da berria. Aitzitik, betidanik gertatu dira egokitzeko zailtasunak oporraldien ostean lanera itzultzean, baina arazoak azken urteotan aurrez eman ez zaion garrantzia hartu du, komunikabideen artean batez ere. Lanera itzultzeak lagunak eta hurbilekoak ikusteari uztea esan nahi du, etxeko lanei heltzea, erantzukizunak, fakturak, maileguaren ordainketa, eguneroko martxaren presak eta estuasunak, eta abar. Eta hori guztia, gainera, 11 hilabetez luzatuko da. Baina lehen egunetako sintoma horiek ez dute adituaren ustez sindromerik osatzen. Udan askeago bizi gara, ez daukagu ordutegirik ezta ardurarik ere. Eta eguneroko errutinara aldatzeak egokitzeko epe bat eskatzen du ezinbestean, astebeteko bueltan normalean lortzen dena.