argia.eus
INPRIMATU
Giroa eta prozedura
Txema Ramirez de la Piscina 2021eko uztailaren 28a
Euskal politikako agente nagusienen arteko elkarrizketa erabakigarrien urtea izan behar duena hastera goazela esango nuke. Argi dago denontzat. Giroa heldutasunera iritsita dago, eta prozesu historikoetan "baldintza objektiboek" duten eraginean sinesmen apur bat mantentzen dugunontzat, horrek bere itzala izango du gertakizunetan. Bestalde, egutegi politikoak ere halatsu agintzen du, alderantzizko bidetik bederen: hauteskunderik gabeko urte honetan egiten ez dena, askoz nekosoagoa izango da geroago, hautestontziak gainean direnean. Beraz...

Elkarrizketa horiek noiz, nola eta nortzuen artean izango diren, eta beroietatik zer irtengo ez dago batere garbi, hala ere. Hori, berez, ona, oso ona da, indefinizioek eta inkognitek gutako bakoitzaren segurtasun nahia sumintzen badute ere.

Helmuga non egongo den ez jakitea onuragarria dela diot, esperientziak esaten didalako gure herrian edozein prozesu politiko zapuzteko modurik azkar eta efektiboena dela epilogoa zein izango den hasiera-hasieratik aurreratzea. Hartara, epilogo hori gustukoa ez duten guztiek aldez aurretik badakitelako zer egin behar duten: ez abiatu. Aldiz, ondotxo dakit gure erkide politizatuenek nekez ematen dituztela urratsak edonorako bidean baldin eta azken-portu bat aurreikusten ez badute -nahiz eta, luzarora, gehientsuenon periplo politikoak sabotajeko itsasontziena dirudien-. Akordioek "honaino iritsi behar dute", edota "hemendik ezingo dute pasa" esanez hasten direnak, gure artean, edo erabat inozoak dira edo inolako akordiorik ez dute nahi, eta oso eroso daude status quoan. Honelakorik ere badelako, noski.

Gainera, gaudenean gaudenez, gure agente politikoetako bakoitzaren barne kohesio eta adostasunaz zalantza biziak ditudala aitortu behar dut. Maila eta ñabardura ezberdinekin, denen kasua dela esango nuke. Batzuetan, arretaz begiratuta baino ikusten ez diren pitzadurak dira; besteetan, eskua sartzeko adinako etenak -eta, bide batez, beti izango da kanpotik sartuko den eskurik: politikaren sortzezko legea da-. Botereak, jakina, estali ez ezik porlandu ere egiten ditu ezsadostasun horiek eta, esaten denaren aurka, aski banatuta dago botere hori gure artean. Eta aldaketa guztiek barneratzen dute tentsio dialektikoa: norberaren onerako izan daiteke… edota kalterako.

Bideak nora eramango gaituen zehatz ez jakitearen onuraren alderantzia da, bidean ibili ahal izateko arauak oso argi zehaztu behar dituztela bidaiariek. Oso gutxi, oso oinarrizkoak… baina bidaiari guztientzat nahitaezkoak izango direnak. Bideak ez baitira, soilik, azpiegitura materialak, baizik haiek erabiltzea zilegitzen duten arauak. Baita politikan ere.

Maiz aipatzen dira hitz egin ahal izateko "baldintzak". Ez da oso hitz aproposa, anbiguotasuna ekidin eta joko-arauak argitu nahi baditugu behintzat, anfibologiarako aukera gehiegi eskaintzen dituelako. "Zerbait gerta edo bete dadin nahitaezkoa dena" baita, alde batetik, baldintza, baina baita ere "zerbaiten egoera adierazten duten ezaugarri eta gertakarien multzoa" dira baldintzak. Eta oso gauza ezberdinak uler daitezke, demagun, "baldintzarik gabe hitz egin" behar dela esaten denean, hitza adiera batean zein bestean hartuz gero. Eta hitzekin jolastea ez ezik endredatzea gustatzen zaion herrian gaude.

Politikan eraginkortasunez hitz egin ahal izateko, giro baikorra eta prozedura aproposa behar direla esatea askoz prosaikoagoa -egokiagoa baino- litzateke nik uste. Eta hori zertan datzan? Bada bidean ibiltzeko arau horietan. Gutxi, ahalik gutxien -zenbat eta arau gehiago, orduan eta kolapsoa hurbilago-; baina denek beti errespetatuko dituztenak. Eta inor bidetik kanpo ibiltzera behartuko ez dutenak.