Baikortasun eta ezkortasuna etengabe kulunkatzen dira edozelako bake prozesutan. Zeresanik ez bere atarian edo besterik gabe balizko denean. Egoera hori behn eta berriz ari da errepikatzen euskal politikan: badira zantzu interesgarriak eta, alderantziz, mehatxagarriak ere bai. Azken hauen artekoa da ezker abertzaleko zenbait kideren aurka (Batasuna, EHAK, LAB...) Espainiako judikaturak irekitzen dituen auziak edota preso politikoen aurkako kanpaina desberdinak, esate baterako, Iñaki de Juana edo presoen ikasketei buruzko erasoaldiak. Berdin esan liteke Ondarroako Ertzaintzaren egoitzak jasotako erasoaz eta Ertzaintzaren zenbait jarduerek sortutako zauritu andanaz. Guztiarekin koktela egin eta edari garratz-mingoztua atera nahi duenak badu betarik horretarako, errazena izateaz gain hori da egungo egoeraren ispilu. Aktore nagusienen borondateak bakarrik saihestu dezake horrelakorik, eta bide horretan, paradoxikoa bada ere, Batasunako zuzendaritzak eta Zapaterok beharko dute trebetasunik eta laguntzarik handiena.