Espainiako Pneumologia eta Bularraldeko Kirurgia Elkarteak (SEPAR siglarekin ezagunagoa) kaleratu berri duen txostenak adierazi duenez, bost pertsonatik batek zurrunga egiten du normalean. Arnas aparatuko gaixotasunetan espezialista den Fernandez-Bujarrabal doktorearen esanetan, "zurrunga egitea ez da, inolaz ere, ongi lo egitearen sintoma" eta, aitzitik, zurrunga egiten duenak ahosabai-errezela (ahosabai biguna, alegia) hipertrofiatua eduki dezake.
Madrileko Gregorio Marañón ospitaleko medikuak zera dio SEPAR elkartearen txosten horretan: lo gauden bitartean ahosabai-errezela erlaxatu egiten dela, eta horrela beherago kokatzen denez, horrek dardara-mugimendua eta bibrazioak eragiten dituela; hasieran zurrunga izango da bibrazioen ondorioa, baina aurrera jarraituz gero, loaldiko apneak ere ager daitezke, arnasketa etenaldiak, alegia.
SEPARen kezka nagusia hortxe dago hain zuzen ere: milioi bat pertsona baino gehiago direla Espainian loaldiko apneak dituztenak. Pertsona horiek zurrunga egiteaz gain, hamar segundotik gorako iraupena duten arnas etenaldiak izaten dituzte, eta zenbait kasutan horrek gau bakarrean bizpahiru orduko arnasketa eta oxigenazio desegokia eragin dezake.
Adituaren gomendioak sinpleak dira oso: obesitatea saihestu, albo batera etzanda lo egin, eta lotara joan aurreko orduetan ez kontsumitu ez alkoholik ezta lasaigarriak ere. Zenbait kasutan, gerta daiteke sudur-maskarilla erabili behar izatea; maskarilla horrek etengabeko presio positiboa mantentzen duenez, ez dio uzten apneari agertzen ere. Baina horretarako, noski, medikuaren diagnostikoa eta aholkuak ezinbestekoak dira.