argia.eus
INPRIMATU
Auspoatik Enaz banaz-era
Jexux Mari Irazu @jexuxmariirazu 2007ko otsailaren 21a
Historia idazteko, biltzeko eta protagonisten errealitatea ezagutzeko modu bat baino gehiago dago, noski. Eta litekeena da formula horiek denak, azkenean, elkarren osagarri izatea, errealitate hori ezagutzeko. Bertsolaritzan, historiaren/errealitatearen kontakizuna egiteko era gutxitxo aldatu ote den errezeloa daukat. Aita Zabalak sekulako lana egin zuen, besteak beste, bertsolari askori beren testigantza aterarazi eta biltzen. Daukagun altxorrik handiena izanda ere, lastima da bigarren eskutik jakitea bertsolari handi askok bertsolaritzarekin izan duten benetako harremana, bilakaera, barruko motibazioak, pozak eta miseriak... Zenbaitek, gainera, nahiago izango zuen historiaren zati bat berarekin eramatea, eta ulertzekoa da. Bada, ordea, beste bide bat, bertsolaritzan oraindik berria, Xabier Amurizak zabaldutakoa, hori ere. Enaz banaz irakurrita, Amuriza bertsotan ezagutzeko zorionik izan ez lezaketen -urruneko- belaunaldiek ere ulertuko dituzte bere obra, ibilbidearen zergatia, nola landu zuen bertsoa, bere motibazioak, barruko tentsioak, berak bere garaia eta inguruarekin izandako harremana. Azken batean, berak bene-benetan nola bizi izan zuen bere bertsolari-izatea. Historiaren ikuspegi bat dela? Konforme. Bat, baina, benetakoa, eta argitasun handikoa. Besteena ere irakurtzeko amorratzen nago ni puzzle osoa osatzeko.