argia.eus
INPRIMATU
Zer da: Gaindegia
Daniel Udalaitz 2005eko irailaren 04a
Euskal Herriaren garapen sozioekonomikorako behatokia da Gaindegia. Otsailean sortu zuten ofizialki, eta enpresa munduko pertsonek, unibertsitatekoek eta organismo sozial, sindikal eta komunikazioetakoek hartzen dute parte. Erakunde pribatua denez gero, kideen kuoten bidez finantzatzen da. Andoainen ezarri dute egoitza, eta Xabier Isasi katedraduna da lehen presidentea. Euskal Herriaren errealitate ekonomikoa eta soziala proiektatzea da erakundearen helburu funtsezkoena, baina betiere perspektiba global, nazional eta artikulatuan oin hartuta. Gaindegiak, beraz, herri osoaren ikuspegia aplikatuta ikertzen, biltzen, prozesatzen, zerbitzatzen eta hedatzen ditu unibertsitatearen, enpresen, sindikatuen, administrazioen, instituzioen eta bestelakoen eremuetan gertatzen diren jarduerak, baita elaborazio propioko lanak ere, eta arlo sozioekonomikoan eta azpiegiturazkoetan aritzen da beti. Betiere erreferentzia gisa herri osoa hartuta, Euskal Herriko eremu sozioekonomikoen estrukturazioa indartzera bideratutako ekimenak bultzatzen ditu orobat: elkartze eta kolegiatze profesionalak, sozialak eta enpresarialak, merkataritzako ganbarak eta abar. Horrekin guztiarekin batera, Euskal Herriko garapen sozioekonomikoari eta azpiegiturazkoari buruzko eztabaidak ere sustatzen ditu.