Kataluniako Estatutu berria iraileko azken astean onartuko dela diote Generalitateko indarrek. El Pais-ek urrian egingo dela dio. Aste batzuk gora behera, garrantzitsuena da ea nola geratuko diren finantzazioa eta eskubide historikoen gaiak, negoziazioaren alde gogorrena islatu duten gaiak. Apustu nagusia da onartu egingo dela eta irabazle eta galtzailerik egongo ez bada ere, baikotzak non eman duen amore ikusteko aukera izango da seguruenik. Interesgarria izango da PSC eta CiUren presioen artean dagoen ERC nola ateratzen den atakatik. Ondoren, Kataluniako Legebiltzarretik Espainiakora joango da eta hemen bai, negoziazio prozesu gogorra espero da. 2004ko martxoan boterera iritsi aurretik, Jose Luis Rodriguez Zapaterok Kataluniako Legebiltzarrak onartutakoa berak ere onartuko lukeela zioen. Ikusi beharko da orain erakusten duen ausardia maila, neurri handi batean horrek islatuko duelako alderdian duen indarra eta bere eredu federala norainokoa den.