argia.eus
INPRIMATU
Jai despotismoa
Juan Kruz Lakasta Zubero 2021eko uztailaren 16a

Iruñeko alkate Yolanda Barcina tematu egin da Mario Vargas Llosa idazle atzerakoia urtero sanferminetara gonbidatzearekin. Iaz etorri zen. Eta aurten Nafarroako Erresumako Ardandegi-zain Nagusi saria eman diote, itzul dadin. Izendapena, jakina, gaztelera hutsean jaso du, y greko askorekin: Bodeguero Mayor del Reyno de Navarra. Mihi gaiztoek diote gonbite errepikapenaren xedea dela sanferminei buruzko liburua idatz dezan konbentzitzea. UPNk sanferminak berridatzi nahi ditu. Ez du gustuko literatura unibertsalak sanferminez duen erreferentzia bakarra, Ernest Hemingwayren Fiesta. Edo, hobeki, The sun also rises, gehienok Fiesta ezizenarekin ezagutzen dugun eleberria.

Liburuan, Nobel saridun iparamerikarrak festan eztanda egiten duen hiriaz mintzo da. Bederatzi eguneko festa etengabean urtean zeharreko arau estu guztiak hausten dituzten herritarrez. Eta, bistan denez, ez da hori erregionalismoak sanferminez zabaldu nahi duen irudia. Nahiago luke Mario Vargas Llosa bezalako ezkertiar ohi batek, konbertsoaren fedeaz, bestelako sanferminak deskribatzea: fedea, dotorezia, glamourra... Ez dut segituko. Vargas Llosak egin dezala lana, baldin eta enkargua onartzen badu.

Halako sanferminak nahi ditu UPNk, eta, halako sanferminak lortzen ahalegintzen ari da. Haren hedabideak erabiltzen ditu guri sinistarazteko sanferminen oinarri nagusia ekitaldi erlijioso eta instituzionalak direla. Behin eta berriz errepikatzen digute iruindarrok saindu beltzaranarekiko fede itsua dugula, eta ohitura zaharren zale amorratuak garela. Egunero aurkezten digute zezenketen aurreko apartado zozo eta elitista jaietako ekitaldi erreferentziala bailitzan. Eta, lana biribiltzeko, gero eta unetxo irentsi ezin gehiago saltzen dizkigute: martxa honetan esanen digute unetxo guztien ama prozesioan San Ferminek alkate anderearen ile beltza ikusten duen lehen aldi hori dela.

Halaber, sistematikoki zapaltzen dituzte jaiaren adierazpen herrikoi guztiak. Barraka politikoak desagertarazi zituzten. Peñek ekitaldi bat antolatu nahi duten aldioro isun, berme eta aseguru astronomikoekin zamatzen dituzte. Eta jaiaren bihotza, alde zaharra, poliziaz betetzen dute. Azken urteotan, peñarik jendetsuena, urdinez jantzitakoena izan da.

Testuinguru horretan, agintariei kritikarik ñimiñoena egiten diegularik, festak politizatzea leporatzen digute, eta saindu beltzaranaren izena darabilte gu isilarazteko: "San Fermin! San Fermin!". Gibela behar da. Festa apolitikoen tradizioa Amiensko apezpikua bera bezain apokrifoa da. Sanferminak betidanik subertsiorako gune izan dira, urte osoan agintariei ezin izan zaiena esan esateko unea. Umoretsu. Jai izpiritua galtzeke. Baina ziria zorrotz sartuz. Orain kamuts berpiztu nahi duten Riau-riaua xede horrekin sortu zen, agintariei ziria sartzeko. Badirudi ez direla oroitzen. Ez dute oroitu nahi.

Jai despotismoa da: jaiak herriarentzat, baina herririk gabe nahi dituzte. Herritarrak baztertuak, eta protagonismoa agintarientzat. Antisanferminak. Okerrena da irudipena daukadala emeki-emeki lortzen ari direla, tanta txinatarraren moduan, herritarron burmuinak pixkanaka-pixkanaka zulatzen ari direla, eta esaten digutena sinesten ari garela. Bitarteko asko dauzkate. Baina nago arazoa ez dela hori bakarrik. Nago gizartea aldatu dela. Gu aldatu garela. Garai batean, ez zen sosik, ez zen urtean zehar parranda egiteko aukerarik, ez zen hamabi hilabetetan eguneroko arau estuak hausterik, eta festekin batera, katarsia heltzen zen. Nago, jai guztietako protagonista nagusiek, gazteek, astebururo egiten dutela parranda, astebururo hausten dituztela arauak, eta Festak, hizki larriz, heltzen direlarik, ez dietela xarma handiegirik atzematen.

Beste modu batean adierazita, irudipena daukat jai herrikoi parte-hartzaileen eredua krisian dela, eta ez bakarrik Iruñean, baizik eta Euskal Herri osoan, euskal herri, hiri, auzo guztietan. Edo gehienetan, behintzat. Hori horrela, berandu baino lehen hausnarketa egin beharko litzateke, eredua nola garatu, nola berpiztu aztertzeko. Izan ere, bestela, festek doazen bidetik segitzen badute, UPNren jai eredua gailenduko da Euskal Herri osoan. Eta Donostiako Aste Nagusia euskal hiriburuetako festarik animatuena izanen da. Eta hori gertatzen bada, barkatuko didazue, baina ni sanferminetan, jubilatuen moduan, Saloura joanen naiz, deserrira.