argia.eus
INPRIMATU
Hugo Chavez hiltzea CIAren helburu? (Bero-beroan)
2005eko irailaren 04a
Tituluan aipatzen dena ez da albistea oraindik, baina CIAren helburuetakoa lasai asko izan daiteke. EEBBetan bederen oso zabaldua dago asmoa eta etengabe elikatzen da. Pat Roberson telepredikatzaile ospetsuak zuzenean aipatu du Hugo Chavez Venezuelako lehendakaria hil beharko litzatekeela, eta Etxe Zuriak aho txikiarekin erantzun du ez datorrela bat iritzi horrekin. Baina etengabe elikatzen duen ideia da. EEBBetako diplomazia buruak, Condoleezza Ricek «erregimen chavistaren arriskuez» ohartarazi zuen iazko azaroan eta aurtengo urtarrilean haren gobernua «erregioko indar negatibo gisa» jotzen zuen. 2005eko otsailean EEBBetako agintari garrantzitsuek Kolonbiako FARC laguntzea leporatu zioten eta «erregio mailako mehatxutzat» hartu. Porter Goss CIAko zuzendariak, aldiz, 2005ean Venezuelan «egoera desegonkortuko» dela adierazi du. Carlos Andrés Perez Venezuelako lehendakari ohiak «Chavezek txakurrek bezala hiltzea merezi du» adierazi zuen exiliotik, «ez da nahikoa boteretik kentzea». Ezaguna eta onartua da 2002ko estatu kolpearen saioa AEBek bultzatu zutela nagusiki. 2004an, halaber, Kolonbiako 92 paramilitar atxilotu zituzten Caracasen, eta haien helburua Venezuelako armadako uniformearekin sarraski desberdinak egitea zen. Chavezek inork baino hobeto daki buru gainean duen mehatxuaz, aurtengo otsailean telebistan esandakoa lekuko: «Erailtzen banaute, George Bush AEBetako lehendakaria egiten dut horren errudun».