Bizitzan badira pasarteak, norberarenak direnak, gizon emakumeok era ezberdinetan jasotzen ditugunak. Hementxetik, oraingo honetan nire txanda delako, aukeraz baliatuko naiz. Hemen dudan espazio hau, hizkiaz eta hitzez beteko dudana, azken finean pentsamendu xume batzuk izango dira. Aitortu beharrean nago idatziz, idazle bihurtzen zarela, eta azkenik, lapur bat. Kasu honetan are gehiago, artikuluak idazteko gonbidapena jaso baitut, eta honek bihurtzen nau behatzaile sutsu bat, pentsatzen dudalako edozein pasadizo baliagarria dela ene txandarako. Eta txanda honetan Londreseko espaloietaz berba egingo dut. Londreseko espaloiak biztanle proskrito berriaz hornitzen ari dira. Eta ez dira azaltzen gida turistikoetan Buckingham jauregi atarian goizeko hamaika t'erdietan ematen den guardia aldaketa bezala. Ez, gidetan ez, baina espaloietan gizon edo emakume bakartiak ikus daitezke zigarroa eskuetan daukatela, erdi ezkutuan bere zigarroa errez, bere laneko banku, denda etxe atarian, baina atarian ere ez non-nahi, hantxe espaloian daukatelako idatzita non erre eta non ez. Nik espaloietan gizon emakumeak ikusi nahi ditut, bere duintasunaren jabe, ez debekuaren ikonoak. The queen save us!