argia.eus
INPRIMATU
Akordioaren beharra ia kontsentsu bihurtu da (Bero-beroan)
2005eko irailaren 04a
Milaka herritarrek bat egin zuten ezker abertzaleko hainbat herritarrek deitu eta Batasunak sostengatutako Bilboko manifestazioarekin. Bildutako jende kopuru garrantzitsuaz gain, ordea, manifestazioaren ikuspegi kualitatiboa da garrantzitsuena. Donostian ez bezala, ez zen arazorik izan, erantzukizunak dituzten alde desberdinek horretarako bitartekoak jarri zituztelako. Lege ikuspegitik herritarrek manifestaziorako eskubidea dute, Alderdien Legearen aurka daudenek Batasunaren manifestazio eskubidea onartu beharko lukete eta normalizazio politikorako urratsek halako manifestazioak begirunez edo gutxienez malgutasunez hartzea eskatzen du. Kurtso politiko berria jadanik abian denean, uda aurretik zegoen baikortasun zuhurraren bidea indartu da, besteak beste, ETAk beste uda askotan aurrera eraman duen atentatu kanpainarik egon ez delako. Seguruenik hilabeteak iragango dira normalizazio mahaia eratu aurretik, baina oraingoz elkarrizketa eta akordio beharraren emariak handitzen jarraitzen du. Hori da udaldiak utzi duen inpresio nagusia.