argia.eus
INPRIMATU
Paper garbiaren kontu zikinak
Inma Errea Cleix @inmaerrea 2007ko otsailaren 21
ZENBAT Txinatarren inguruko estatistikak beti dira ikusgarri. Eta erakusgarri. Mendebaldeko biztanleokin konparatuta, hainbeste izanik, neurritik kanpoko fenomenoen protagonista bihurtzen ditugu aise. Oroitu, bestela, txinatar guztiek batera lurraren kontra ostiko eginez gero mundua dardaraka paratuko zutela zioen izugarrikeria hartaz, Maori aurre egiteko Amerikako Estatu Batuetan eraiki zuten arrisku horiari buruzko teoriaren oinordeko, segur aski. Esaldia adierazgarria zen, irudimentsua, erraz irudikatzekoak baitziren ez dakit zenbat milioi txinatar aldi berean hanka jaso eta gero zorua indarrez zapaltzen, eta arrunt sinesgarri egiten zen, hainbeste izanda, mugimendu soil horrek eragin zezakeen ondorio ikaragarria. Esaldiaren benetako balioa, alabaina, sinbolikoa zen: hainbeste jendek batera eginda berez erasorako zuen ahalmen handiaz ohartarazten gintuen, Txina komunistaren mehatxuaren aitzin ernearazten zituen estatubatuarrak eta, oro har, mendebaldarrak, eta Txina erraldoiari beldurrez begiratzen irakasten zion jendeari. Orain, komunismoa beharrean Txina ekonomiaren alorrean erakusten ari den jokabide lehiakorra mehatxu gisa sentitzen dugun honetan, Maoren garaian bezain baliagarria da txinatarrek mundua dardarazteko duten ahalmenaren metafora, beldurrak ere bere horretan dirauela.

Orain diote txinatarren %30ak, hamarretik hiruk soilik, haien ipurdiak gure maneran, hau da, paper leun gozoarekin, garbitzen dituztela. Eta txinatarrek orok gure metodoa, hau da, paperarena, erabiliko balute, Amazonaseko arbolak urtebetean desagertzeko zorian paratuko ei lituzketela. Datu horien egiazkotasuna gorabehera, beste edozein estatistikak baino hobeki irudikatzen dute gure munduko desoreka, eta argudio hagitz baliagarria dugu mundu aberatseko gurasook gure haurrei gaztigatzeko komuneko papera gupida gabe xahutzeko hain errotua duten azturari uko egiteko komenentziaz.

Datu horiek, bestalde, haien neurtezinean, gure ohiko ikuspegiak iraultzeko balio ahal dute.

Nola. Txinatarren %30ak ipurdia gure modura garbitzen badu, nola egiten dute gainerakoek? Nola, Asian bizi diren beste guztiek, nola, afrikarrek, nola, Amerikako oihanetako indigenek? Pentsatzekoa da metodo tradizionalagoak erabiliko dituztela, hau da, gurea baino lehenagokoak. Harrigarria da ipurdia garbitzeko beharra hain oinarrizkoa izaki, eta hain orokorra, zein gutxitan aipatzen den hala zientzia lanetan -antropologian, kasu- nola literaturan. Gizon-emakumeok libratu osteko zereginari heltzeko manera edo -beste adibide bat ematearren- emakumezkoon hileroko odol-isuriari aurre egiteko historian zehar erabilitako metodoak gai ukiezinak dira gure artean, nahiz horien gainean etengabe gora doan industria ezin loratuagoa antolatua dugun. Afera zikinegiak omen, mendebalekook garbitasunaz dugun ikuspegi neurotikotik begiraturik. Ohitu gara higienea bermatzeko neurri zorrotzak hartzen, eta horren inguruan ohitura eta industria sofistikatuak garatu ditugu, kasik neurriaren sena galtzeraino. Gure gorputzen eta janarien usainak arbuiatu eta lore antzeko usain kimikoez hornitutako produktu agian arriskugarriak arnastera emanak bizitzeko gauza baikara, edo etengabe dutxara jotzeko, zikin sentiarazten gaituen konpultsio demasekoak bultzatuta.

Nor. Baina noraino -norenganaino- iritsi behar du komuneko papera erabiltzeko eskubideak? Arbola guztiak suntsituko ditugu, munduko gizon-emakume orok popa zelulosaz garbitu ahal izateko? Edo arerio joko ditugu guk adina paper, xaboi, usaingarri eta ukendu ekoiztu eta kontsumitu nahi dituzten txinatarrak? Etsai izanen ditugu gutaz besteko mundutar guztiak? Zergatik? Paper ziztrin batengatik? Noiz arte? Ez dugu asmatuko beste bide batzuk -ez hain hauskorrak, ez hain hondagarriak- jorratzen?